EUSKADI.-Arantzazu Gaur Fundazioak berriro ireki du Arantzazuko topaketa eta batzarretarako Gandiaga zentroa

Actualizado: jueves, 19 febrero 2009 13:57

DONOSTIA, 19 Feb. (EUROPA PRESS) -

Otsailean beste aro bat hasi da Arantzazuko santutegiko ekitaldietarako zentroarentzat, 2006an ateak behin-behinean zabaldu bazituen ere, Arantzazu Gaur Fundazioak orain berriro ireki duelako Arantzazuko topaketa eta batzarretarako Gandiaga zentroa.

Behin-behinean ireki zenetik bidea egin eta berritze-lanak egin ondoren, gaur egun, Arantzazu Gaur Fundazioa eratzeak eman dion bultzadari esker, Kursaal, Euskalduna edo Europa Jauregia bezalakoak jasotzen dituen ekitaldietarako zentroen eskaintzan barneratzeko moduan dago Gandiaga zentroa.

Ateak berriro zabaltzen dituen honetan, lehenik eta behin, bere izena egokitu da, eta aurrerantzean, bere izen ofiziala "Arantzazu-Gandiaga, topaketa eta batzarretarako zentroa" izango da, baina laburtzeko, eta eguneroko hizkeran, zentroaz hitz egiterakoan Gandiaga erabiliko da.

Arantzazu Gaur Fundazioak komunikazio eta informazio-kanpaina egingo du otsailean, zentroaren erabiltzaile izan litezkeen erakundeei zuzenduta, eta, bertan, zentroak eskaintzen dituen prestazioen eta aukeren berri emango da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Oñatiko Udalak, Mondragon taldeak, Kutxak eta frantziskotarrek eurek osatzen dute Arantzazu Gaur Fundazioa. Sortu zenetik, 2008ko udaberrian, bere helburuetako bat

azpiegitura hau santutegia berritzeko ardatz estrategiko gisa doitzea izan da.

Denboraldi honetan, bertako giza baliabideak eta baliabide teknologikoak eta materialak berrantolatu dira ekitaldietarako Gandiaga zentroa lehen mailakoa izan dadin eta jende ugari erakar dezan, bai aparteko natur ingurunean kokatuta dagoelako, bai eta indar sinboliko eta historiko handia duelako ere.

Zentroa biltzar-jauregia edo ekitaldietarako zentroa da, bereziki jardunaldiak, mintegiak, enpresa-bilerak, ekitaldi instituzionalak edota jarduera sozial, politiko, sindikal, industrial nahiz bestelakoak egiteko eta talde txikietatik hasi eta 270 pertsonara arteko taldeak hartzeko pentsatua.

Bere neurrian, topaketa eta batzarretarako beste zentroak bezalakoa da. Alabaina, besteetatik desberdintzen duen funtsezko indargune bat du, bakean, estresik gabe, zaratarik gabe, patxadaz eta

soseguz hobeto pentsatzeko, erabakitzeko eta lan egiteko, baduelako abantailarik: eskaintzen duen lasaitasuna.

Gandiaga zentroak badu beste indargune garrantzitsu bat ere, bezeroek ez dituztelako hirietan izaten diren auto-ilaren edota aparkatzeko lekurik ez aurkitzearen arazoak pairatuko. Topaketa eta

batzarretarako zentroaren inguruan 500 aparkaleku daude erabiltzaileentzat, guztiak ere doakoak.

Azkenik, Gandiaga zentroak, berriki zabaldu den Arantzazuko Santutegia Hotelari esker, kalitate eta erosotasun goreneko ostatu, jatetxe eta spa-zerbitzua eskaintzen die ekitaldietarako zentroaren

erabiltzaileei.

Gandiaga zentroaren ateak berriro irekitzearekin batera, santutegiak jendearentzako dituen harrera eta arreta-zerbitzu guztiak berriro jarri dira martxan, Arantzazu Gaur Fundazioak bultzatuta.

Hotela 2008ko abuztuan zabaldu zen eta, denboraldi batez probaldian egon ondoren eta, urtarrilean, azken doikuntzak eta berritze-lanak egiteko oporrak hartu eta itxita egon ondoren, egun hauetan berriro

zabalduko ditu ateak, irekiera-eskaintza berriarekin.