EUSKADI.-Arartekoak politika publikoei buruzko jardunaldiak antolatu ditu Bilbon gaurtik ostiralera bitartean

Actualizado: martes, 19 mayo 2009 11:57

BILBO, 19 May. (EUROPA PRESS) -

Arartekoak "Politika publikoen erronkak demokrazia aurreratu batean" izenburuko jardunaldiak antolatu ditu Bilbon gaur hasi eta ostiralera arte, erakundearen 20. urteurrena ospatzeko ekitaldien baitan. Eusko Legebiltzarreko presidente Arantza Quirogak eta Bilboko alkate Iñaki Azkunak hasiko dituzte bihar jardunaldiak, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Hitzaldi zikloa Bilboko Euskalduna Jauregian egingo da, gizartean politika publikoek gaur egun dituzten erronkei buruzko eztabaida eta gogoeta sustatzeko helburuarekin. Gonbidatuta dauden adituen iritziak abiapuntutzat hartuta, demokrazia hobetzeko eta herritar guztien eskubideak bermatzeko egon daitezkeen bideak aztertuko dira.

Lau egunetan zehar, gai bakoitzeko 30 bat aditu mintzatuko dira, besteak beste, Javier de Lucas, Valentziako Unibertsitateko Zuzenbidearen Filosofiako katedraduna eta CEAR Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordeko presidentea; Federico Mayor Zaragoza, Bake Kulturarako Fundazioko presidentea eta UNESCOko zuzendari nagusi ohia; Vicenç Navarro, Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko Politika eta Gizarte Zientzietako katedraduna eta Espainiako Gizarte Behatokiko zuzendaria; eta Jose Antonio Pastor Ridruejo, Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko Nazioarteko Zuzenbideko katedradun emeritua eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiko epaile ohia.