EUSKADI.-Arrantzale euskaldunen memoria berreskuratzen duen "Arrantzan" proiektua aurkeztuko da bihar

Actualizado: martes, 21 abril 2009 20:20

BILBO, 21 Abr. (EUROPA PRESS) -

Itsasmendikoi (IMK) elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak eta Azti-Tecnalia itsasoaren eta elikadura ikerkuntzan espezializatutako zentro teknologikoak "Arrantzan" proiektua garatu dute eta horren emaitza da lehen pertsonan 40 arrantzale ingururen esperientzia biltzen duen eta arrantzale belaunaldi berriei zuzendua dagoen DVDa.

"Arrantzan" proiektuaren lehenengo emaitza hori bihar aurkeztuko dute, 11:00etan, gaurtik ostiralera bitartean Barakaldoko (Bizkaia) BECen izango den Sinaval Eurofishing azokaren testuinguruan, egitasmoaren arduradunek gaur iragarri dutenez.

Proiektuaren aurkezpena IMK-k antolatutako jardunaldi batean izango da; topaketan, gogoeta egingo da itsaso-arrantza sektoreko prestakuntza eskaintzaren orainaren eta etorkizunaren inguruan. Itsaso-arrantzako Estatuko heziketa zentro guztiek eztabaidan parte hartuko dute, eta bertan trebakuntza eskaintzaren egokitzapena sektorearen (itsasoa, arrantza, portua, olgeta) beharrei dagokienez, heziketa eskaintzaren berrikuntza eta ikasle berriak lortzeko estrategiak landuko dira.

DVDak 20 minutuko bi dokumental biltzen ditu eta Bermeo, Lekeitio, Ondarroa, Orio, Getaria, Hondarribia eta Pasaiako portuetan arrantzale izandako hainbat pertsona dira protagonistak. Urteetako lanarekin soilik lor daitekeen jakintzaren zati bat jasotzen duen proiektu hau itsaso-arrantzako heziketa zentroei zuzendua dago eta datorren ikasturtetik aurrera hasiko da erabiltzen. Itsasoan gerta daitezkeen kasu errealak planteatzen ditu eta aukera ematen du ikasleek beren kabuz horrelako egoera batean nola ekin beharko luketen pentsa dezaten.

"Arrantzan" DVDak azken 50 urteotan sektoreak bizi duen garapena azaltzen du, bai eta ontzidiak izan dituen aldaketak, itsasontzietan sartu diren berrikuntzak, arrantza arteek izan dituzten aldaketak eta arrantzaleen gizarte eta lan baldintzak. Grabazioa euskaraz egina dago, baina gaztelaniazko azpitituluak dituen bertsioa ere barneratzen du.