BILBO 5 Feb. (EUROPA PRESS) -
Arrigorriagako Udalak (Bizkaia) Udaltzaingo zerbitzua hobetuko du plan estrategiko baten bitartez. Plana ekainetik aurrera hasiko da aplikatzen, eta, bertan, kolektibo horren "izateko arrazoia" definituko da eta etorkizunerako erronkak ezarriko dira.
Herritarren Segurtasuneko udal arduraduna den Gotzon Ajuriaren esanetan, "plan estrategiko honekin, erantzuna eman nahi zaio herritarrek Udaltzaingo zerbitzuari dagokionez antolaketa, jarduera eta itxaropen arloko zenbait alderdiren gainean dituzten kezkei".
Plan estrategikoak ezarriko dituen helburu nagusiak honakoak dira: Udaltzaingoaren zerbitzu-zorroaren identifikazioa, esku-hartze eta kudeaketa arloko prozesu gakoen ebaluazioa eta interes-talde guztien beharrizan eta itxaropenen azterketa, hau da, Arrigorriagako biztanleak, elkarteak, enpresak, merkataritza, ostalaritza, Udaleko kideak eta beste segurtasun kidego batzuk.
Beharrizanak identifikatzeko, itxaropenak hautemateko eta herriko Udaltzaingoari buruzko pertzepzioak baloratzeko prozesuan, Arrigorriagako sare sozio-politiko eta kulturaleko ordezkariek osatutako zenbait interes-taldek hartuko dute parte.
Interes-talde horietatik abiatuta, eta Udaltzaingoaren zerbitzuak eta kanpoaldearekin dituen harremanak sakon aztertzeko, lau edo bost kontraste-talde sortuko dira; talde horiek herriko elkarte sozio-kulturaletako ordezkariek osatuko dituzte.
Lan-saio horietatik eta herritarren partaidetzatik, zenbait ondorio ateratzea espero da, eta ondoren, ondorio horiek Udaltzaingoaren etorkizuneko egitekoa, ikuspegia eta balioak ezartzeko erabakiko dira. Era berean, kudeaketaren arloan aurreratuta dauden eta Udalarentzat erreferente izan daitezkeen beste udaltzaingo batzuen antzeko esperientziak aztertuko dira.