EUSKADI.-Arvas Euskal Herriko elkarte argentinarrak CeRCA kulturen arteko irudimen eta sormenerako gune irekia sortu du

Actualizado: martes, 10 marzo 2009 13:17

BILBO, 10 Mar. (EUROPA PRESS) -

Arvas Euskal Herriko elkarte argentinarrak CeRCA izeneko kulturen arteko irudimen eta sormenerako gune irekia abiarazi du. Material bibliografikoa, zinea, musika eta beste adierazpen artistikoak aurkitzeko espazioa izango da CeRCA, eta euskal kulturarekiko eta beste jatorrietako kulturekiko zabalkunde eta elkartrukerako ekintzak ere egingo dira.

Elkarteko arduradunek prentsa ohar batean adierazi dutenez, "Argentinako kultura beste kultur zati txikien elkartzetik sortzen da, batuz joan diren zatiak izanik, berezko nortasuna lortu duten arte".

Horrela, XX. mendearen bigarren erdian Argentinak ikusi zuen herritar asko urrundu egiten zirela, arrazoi politiko edo ekonomikoengatik. Une berean, Latinoamerika eta Asiatik pertsonak etortzen hasi ziren, etorkizun hobe baten bila. Hori baino lehen, 1880 eta 1940 bitartean jaso zuen immgrazioa gehienbat europarra izan zen.

Migrazio-mugimendu hauek guztiek -espainiar kolonizazioa eta kultura indigena tradizionalekin batera- "zapore, usain, kolore, soinu eta formen tapiz konplexuan islatutako kultur aberastasun ikaragarria osatu zuten" Argentinan.

"Adierazpen artistikoak, bere gastronomiaren aukerak, herri-tradizioak, bere jendearen ahalmen intelektual eta sortzailea eta gaztelaniaren bertsio propioak argentinar idiosinkrasiaren osagai dira, benetako izaera baten osagai", adierazi dute.

Arvas elkarteak lan egiten du kultur aberastasun hau Euskal Herrian gero eta ezagunagoa izan dadin. Horrela, baliabide zentroaz gain, ekintza kultural, hezitzaile eta zabalkunde-guneetan hartzen du parte, Euskal Herrira datozen artistak deitzen ditu eta Argentina, Euskal Herria eta ingurukoen arteko trukaketa eta harremanak sustatzen ditu.

CeRCA Argentinako Kultur Baliabideen Zentroak Eusko Jaurlaritzaren Immigrazio Zuzendaritzaren laguntza ekonomikoa jaso du eta bere garapena pertsona kolaboratzaileen parte-hartzearekin kudeatuko da.

Arvas Euskal Herriko elkarte argentinarra irabazi asmorik gabeko erakundea da, independentea eta anitza. Bere sortzetik beretik, 2004ko abenduaz geroztik, Bilbon duen egoitzan ari da lanean, honako helburu hauekin: Euskal Herrian bizi diren argentinar guztien elkartzea sustatzea; Euskal Herriaren eta Argentinaren arteko lotura indartzea; Argentinako kultura eta errealitatea euskal gizartera hurbiltzea eta alderantziz; hainbat elkarte eta eragilerekiko elkartasun-loturak ezartzea benetako kultur aniztasuna lortze aldera.