EUSKADI.-Asiatik ekarritako latex naturalaren ordezkoak bilatzen ari da Neiker-Tecnalia zentro teknologikoa

Actualizado: lunes, 1 febrero 2010 14:57

BILBO, 1 Feb. (EUROPA PRESS) -

Neiker-Tecnalia zentro teknologikoa inportatutako latex naturala ordezkatuko duten bi espezieen genotipoak eta laborantza-aukerak ikertzen ari da, besteak beste. Guayule ('Parthenium argentatum') izeneko zuhaixka eta txikoria-belar errusiarra ('Taraxacum kok-saghyz') dira bi espezi horiek. Guayulea bide da egokiena eremu mediterraneoetan landatzeko, eta txikoria-belar errusiarra, berriz, Europako hegoalde eta ekialderako da egokiagoa, zentro teknologikoko arduradunek gaur adierazi dutenez.

Guayuletik eta txikoria-belar errusiarretik ateratzen den kautxuaren errendimendua eta ahalmen ekonomikoa ebaluatzeko, berariazko prototipoak ekoitzi dira, hala nola kirurgiarako eskularruak eta pneumatikoak. Bestalde, lankidetza-sarea eratzea aurreikusi du Neiker-Tecnaliak zientzia eta administrazio-ezagutza egokia duten Europako ikerketa-erakundeen eta industria-eragileen artean. "Horrela, Europa ez da egongo inportatutako latex naturalaren mende erabat", gaineratu dute.

Europako proiektuaren asmoa da bi espezieen germoplasma berria sortzea, haien biokimika eta genetika egitea, haien genetika eta agronomia hobetzea, bai eta kautxua oinarri duten produktu zehatzak egitea ere. Bi landareen azterketa genetikoari esker, latex gehiago ekoitziko dute landareek, eta bideragarritasun komertziala izango dute.

Kautxu naturala biopolimero bakarra da, eta horren aplikazio nagusietan -medikuntza-produktuak, preserbatiboak, oinetakoak edo eranskailuak- ezin da materia sintetiko batez ordezkatu. Hori dela eta, herrialde ekoizleek lehengai horren prezioa igotzea adosteko arriskua saihestu nahi du Europako Batasunak, horixe gertatu baitzen petrolioarekin 1970eko hamarkadan.

Proiektuaren barruan, txikoria-belar errusiarraren hainbat alderdi ikertuko dira, hala nola landare horren genoma eta mutagenesirako aukerak -laborantzaren indarra eta errendimendua areagotzeko- eta sustraien tamaina, horietatik lortzen baita latex naturala. Halaber, latexaren eta kautxuaren ekoizpenean eragiten duten gene nagusiak identifikatuko dira.

Guayulea duela hamarkada batzuk hasi ziren ikertzen AEBn, kautxu naturalaren errendimendua eta ekoizpena areagotzeko. Haren agronomia eta barietateak hobetu beharra dago oraindik, ordea, eta genetika hobetzeko tresna molekularrak garatu behar dira.

Bestalde, monopolioa ez ezik, beste zenbait arazo ere badira. Kautxu naturalaren munduko ekoizpena 'Hevea brasiliensis' zuhaitzari lotua dago, eta zenbait mehatxu dakar horrek. Kautxuaren zuhaitza ahula da izurrite eta gaitzen aurrean, eta haren laborantzak klima berezi bat behar du, Asiako eta Hego Amerikako lurralde tropikaletakoa, hain zuzen.

Zuhaitz horren kautxuak beste arazo garrantzitsu bat sortzen du: ekoitzitako latexak eragiten duen alergia. Guayulearen edo txikoria-belar errusiarrarekin ez legoke arazo hori. Azkenik, kautxu naturalaren eskaera gero eta handiagoa da gorantz egiten ari diren herrialdeetan. Latex naturalaren hornidura, ordea, murriztuz doa munduan, eta, azken urteotan, bikoiztu egin da haren prezioa.