EUSKADI.-Aurkitu dute Sopelako (Bizkaia) La Salvaje hondartzan atzo desagertu 22 urteko bainulariaren gorpua

Actualizado: miércoles, 5 agosto 2009 14:19

BILBO, 5 Ago. (EUROPA PRESS) -

Sopelako (Bizkaia) La Salvaje hondartzan igeri egiten ari zela atzo desagertu zen 22 urteko Basauriko mutilaren gorpua aurkitu dute gaur, 11:45ean, bilaketa lanetan ari ziren langileek.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak Europa Press-i jakinarazi dionez, bainulariaren gorpua La Salvajen bertan aurkitu dute, bainatzeko zonaldearen erdiko gunean. Gainera, gorpua jaso dutela adierazi dute, poliziak beharrezko dilijentziak egin ahal ditzan.

Talde handi batek gaurko 9:00etan hasi ditu berriro 22 urteko gaztea bilatzeko lanak. Basauriko mutila atzo arratsaldean desagertu zen, Sopelako La Salvaje hondartzan igeri egiten ari zela.

Atzoko 20:30ak aldera, desagertuaren lagun batek SOS Deiak-i jakinarazi zion laguna uretan sartu zela eta ez zela hondartzara itzuli, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak azaldu duenez. Erreskaterako taldeak bilatzen hasi ziren baina ez zuten ezer aurkitu, eta argi faltak lana uztea eragin zuen azkenean. "Maria de Maeztu" Itsas Salbamenduko ontzia gau osoan zehar geratu da zonaldea miatzen baina ezer lortu gabe.

Sustapen Ministeriotik jakinarazi dutenez, gaur goizean hasi dituzte berriro bilaketa lanak. Ertzaintzaren helikoptero bat, "Itsas Zain" ontzi patruilaria urpekariekin, "Basati" salbamendu ontzia, Arriluzeko Gurutze Gorriko ur-motoa, Itsas Salbamenduko Helimer 205 helikopteroa eta erakunde horretako "Alcyone", "Monte Gorbea" eta "Maria de Maeztu" ontziak aritu dira parte hartzen. Eusko Jaurlaritzako Larrialdiak Artatzeko Zuzendaritzak koordinatu du operazioa hondartzatik.