EUSKADI.-Autoeskola bateko ibilgailu bat kolpatu duen 27 urteko gizon bat atxilotu dute Tolosan (Gipuzkoa)

Actualizado: jueves, 23 abril 2009 19:21

BILBO, 23 Abr. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 27 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo Tolosan (Gipuzkoa) autoeskola bateko ibilgailu bati kalteak eragin izanagatik. Ezagutzen ez diren arrazoiengatik kolpatu zuen autoa susmagarriaka, barruan autoeskolako irakasle bat eta ikasle bat (erasotzailearen laguna den emakumezko bat) zeudela, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Atzo goizean, 9:30ak aldera, autoeskola bateko auto bat Tolosako Iurre auzoan aparkatuta zegoen, eta barruan, klasea bukatu berri zuten irakasle bat eta ikasle bat. Bat-batean, emakumezkoaren laguna den gizonezko bat hurbildu zen autora eta autoari ostikoka eta kolpeka hasi zitzaion. Ostean, haizetako garbigailuetako bat lekutik atera eta hura erabiliz, leihatila bat hautsi zuen.

Emakumeak erasotzailea lasaitu egin zuen eta beste auto batean biak batera joan ziren. Handik minutu gutxira itzuli ziren eta gizonezkoak, bigarren auto horrekin autoeskolakoaren aurka atzetik talka egin zuen. Segidan, ibilgailutik jaitsi eta erasotzaileak bertan zegoen bizikleta bat ibaira bota zuen.

Ertzaintzaren patruila bat bertaratu zen baina, susmagarria jadanik ez zegoen bertan. Hala ere, Tolosako Udaltzaingoko agenteek San Esteban auzoan aurkitu zuten une batzuk lehenago. Ertzaintzaren hainbat patruila bertara joan ziren eta gizonezkoa atzeman zuten; honek, gogor aurre eginez ekidin nahi izan zuen atxiloketa. Oraindik ez dira ezagutzen gertakari hauek eragin zuten arrazoiak.