EUSKADI.-Bach eta barrokoa izango dira bihartik protagonista nagusiak Bilboko zortzigarren "Musika-Musica" jaialdian

Actualizado: miércoles, 4 marzo 2009 17:59

BILBO, 4 Mar. (EUROPA PRESS) -

"Musika-Musica" jaialdia helduko da bihartik igandera bitartean Bilboko Euskalduna Jauregira, Johann Sebastian Bach konpositore alemana oinarritzat duen "Bach is Back" egitarauarekin. Aurten, Bilbao 700 Fundazioak, Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, musika klasikoaren aitatzat jotzen den Bachen maisulanak aurkeztuko ditu, garai berekoak ziren Buxtehude edota Vivaldiren zertzelada batzuk tartekatuz.

Barrokoan zehar, mendebaldeko musikak izan duen garai jori eta iraultzaileenetakoan, Bachek altxor handia utzi zuen: ganbera-orkestrako musika, instrumentu bakarrarentzako kontzertuak (horietan organoa eta klabezina nabarmentzen dira), eta baita elizako ahots-musika ugari ere, kantatak eta moteteak, besteak beste. Musika aukera osorako konposatu zuen, operarako izan ezik.

"Musika-Musica" jaialdiko kontzertuak bata bestearen atzetik izaten dira ahalik eta etenaldi txikienarekin eta Euskalduna Jauregiko hainbat aretotan aldi berean. 67 kontzertuz eta nazioarteko 500 bat artistaz osatuta egongo den musika "maratoiak" aurreko urtean 26.000 sarrera baino gehiago saldu zituen, eta dagoeneko urteko kultur hitzordu nagusienen artean dago. Ehun pertsona baino gehiagok (antolatzaileak, teknikoak eta langileak) atseden gabe egingo dute lan asteburu osoan zehar, formatu handiko gertaera hau posible egiteko.

Antolatzaileek azaldu dutenez, aurrekoetan egin bezala, goi-mailako interpretazio kalitatea bilatu nahi izan da, eta Bachen emankortasuna handia izan zela kontuan izanda, erronka zen bere obran zehar ibilbide sakona egitea musika instrumentalaren eta ahots-musikaren artean oreka mantenduta, publiko mota ugarirengana iristeko asmoz.

Egitaraua aukeratzerakoan, Europako talde handiak ekartzeaz gain, batez ere alemanak, artista euskaldunen eta espainolen presentzia areagotu nahi izan da. Hori horrela izateko lehenengo arrazoia da Euskal Herrian goi-mailako interpretatzaile ugari daudela, Europako beste zenbait eskualdek duten musika-tradiziorik eduki ez arren.

Bigarren arrazoia, berriz, zera da: jaialdiak izaera dibulgatzailea duela eta artista berriek bertan beren buruak sustatzeko aukera ikusten dutela, "Musika-Musica" jaialdia etorkizun profesional oparorako lorbide moduan baitakusate.

Jaialdiaren helburua dibulgazioa eta musika klasikoaren sustapena da, horregatik prezioak jende guztiak ordaintzeko modukoak dira. Sarrerak 5 eta 9 euro artean egongo dira; salbuespenak auditorioan egingo diren bi pasioak eta "Misa en si" dira, duten iraupenagatik 18 euroko salneurria izango baitute.