EUSKADI.-Bailen izango da berriro Bilboko Aste Nagusiko bertoko pop rock taldeen kontzertuetako agertokia

Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 15 julio 2009 15:42

BILBO 15 Jul. (EUROPA PRESS) -

Bailen kalea izango da Bilboko Aste Nagusiko bertoko pop rock taldeen kontzertuetako egoitza bigarren urtez, eta guztira 16 talde igoko dira FEVE estazioaren parean kokatuko den eszenatokira. Bertan, 20:00etatik aurrera, zortzi emanaldi izango dira. Estilo askotariko programaz gozatzeko aukera egongo da berriro: rock alternatiboa, power rocka, rock metala, horror punka, popa, rocka, funka eta death metala.

2009ko edizio honetan aurreko urtean baino parte-hartze maila baxuagoa izan da: 56 maketa aurkeztu dira 2009an, joan den urtean aurkeztutako 77 lanen aldean. Jaitsiera hau emakumezkoen batez bestekoan ere badu eragina: aurten taldeen %25ak du emakumeren bat tartean (14 taldek), eta 2008an %29ak (23 bandak). Hala ere, euskaraz abesten duten edo abestiren bat euskarez egiten duten taldeen batez bestekoa orokorrean berdin mantendu da, igoera oso txiki batekin: aurten %18koa izan da (10 talde), joan den urteko %17aren aldean (14 banda).

Bilboko Udaleko Turismo eta Jaietako Saileko programatzaile Enrike Bosquek adierazi duenez, "aurten aurkeztutako taldeen maila oso altua izan da, eta eszenatoki handiagoetan aritzen diren taldeek bezain besteko maila dute askok".

Zentzu honetan, Mamba Beat talde bilbotarraren kasua aipatu du. "2008an Mamba Beat taldekoek ireki zuten Bailen eszenatoki berria, eta aurten, Botika Zaharrean izango ditugu Zodiacs eta We are Standard taldeekin".

Bere ustez, honek erakusten du "espazio hau aukera paregabea dela nork bere burua aurkeztu eta eskarmentua hartzeko, eta, batek daki, beharbada hurrengo urtean Botika Zaharrekoa bezalako beste eszenatoki batean ere aritzeko".

Ildo honetan, Bilboko Udaleko Turismo eta Jaietako Sailetik deialdi bikoitza egin nahi izan dute. Alde batetik, eta aurreko edizioetan bezala, "beren lanak Aste Nagusiko pop rock erakustaldiko lehiaketara aurkezten jarraitu dezaten animatu nahi ditugu Bizkaiko taldeak, Aste Nagusia beti izaten baita aukera ona beren musika erakusteko".

Gainera, Bosquek adierazi duenez, "2009eko Aste Nagusiko publikoari ere egin nahi diogu gonbita, Bailen kalean kokatuta egongo den eszenatokitik pasa dadin. Bertan dibertsioa ziurtatuta egongo da, eta batek baino gehiagok, gainera, ezuste atsegina hartuko du".

Contenido patrocinado