EUSKADI.-Basque Audiovisual-ek lehenengo aldiz parte hartuko du Canneseko Zinemaldiko azokan maiatzaren 13tik 24ra

Actualizado: lunes, 20 abril 2009 15:16

BILBO, 20 Abr. (EUROPA PRESS) -

Fikziozko ekoizpenean eta banaketan jarduten duten zortzi euskal enpresa nagusiek lehenengo aldiz parte hartuko dute, Basque Audiovisual izenarekin eta bere standarekin, Canneseko Zinemaldiaren azoka paraleloan, hau da, 'Marche du Film de Cannes' delakoan, maiatzaren 13tik 24ra bitartean. Azokan izango diren enpresak dira Alokatu, Baleuko, Barton Films, Pausoka, Irusoin, Mixer, MediaBost eta Western Films.

Eiken Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterreko arduradunek adierazi dutenez, 2007ko urrian ikus-entzunezkoen sektoreko euskal enpresa nagusiek Canneseko MIPCOMen parte hartu zutenean -edukien mundu mailako merkaturik handiena-, elkar hartuta lehenengoz Basque Audiovisual markarenpean, "urrats handia eman zuten sektorearen nazioartekotzeari begira". "Izan ere, negozio topagune horretan parte hartzea zen enpresek zuten eskari nagusietako bat merkatu berrietarako sarbidea errazteko", gaineratu dute.

Ondoren, Basque Audiovisual-ek bere presentzia sendotu du kanpoko azoketan MIPTV (Cannes) eta Sunny Side of the Doc (La Rochelle) merkatuetan izan baita, telebistan eta multimediako edukietan, eta dokumentaletan espezializatutako topaguneak. Datorren maiatzean urrats bat gehiago emango du Basque Audiovisual-ek, lehenengoz, Canneseko Zinemaldi ospetsuko 'Marche Du Film' delakoan hartuko baitu parte.

Eiken Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterra izango da ekimen horretan aitzindaria Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailarekin batera. "Ekimen honen bitartez Eikenen Nazioartekotze Planeko helburu nagusiak betetzen ditugu, batetik, euskal ikus-entzunezko azpisektoreei laguntza eskaintzea Basque Audiovisual markak izan duen arrakastaren ondoren, eta bestetik, enpresen nazioartekotzea bultzatzea MIPCOM, MIPTV eta Sunny Side of the Doc merkatuetan", azaldu du Eikeneko zuzendari Itziar Menak.

Euskal ekoizpen etxeek Galiziako Ikus-entzunezkoen Klusterrarekin partekatuko dute erakusketa gunea, hain zuzen ere MIPTVren azken edizioan abian jarri zen lankidetzari esker. Aurreko aldietan bezala, enpresek beren espazioa izango dute harremanak egiteko, baita ingelesez egongo den on-line katalogo bat ere (www.basqueaudiovisual.com) beren zeregin komertziala errazteko.