EUSKADI.-Basque Audiovisual marka Canneseko MIPTV azokan izango da, ikus-entzunezkoen sektoreko 12 euskal enpresarekin

Actualizado: miércoles, 4 marzo 2009 12:22

BILBO, 4 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ia 20 metro koadroko standa jarriko da Canneseko (Frantzia) Palais des Festivals jauregiko pabiloi nagusian, Basque Audiovisual markarekin, MIPTV Ikus-entzunezko Edukien eta Eduki Digitalen Nazioarteko Azokan parte hartuko duten 12 euskal enpresak biltzeko. Azoka hau munduko garrantzitsuenetakoa da arlo honetan, eta martxoaren 30etik apirilaren 3ra bitartean egingo da Frantziako Cannes hirian.

Eiken Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterraren arduradunek jakinarazi dutenez, euskal ordezkaritza honako enpresek osatuko dute: 3Koma, Audiovisual 21, Baleuko, EiTB, Expressive, Jarkatza Media, K2000, Mediabost, Pausoka, Retelsat, Somuga eta Western Films.

Eikenen eta ekimena sustatzen duen Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren apustua enpresen lan komertziala erraztea da, egoera hobean egin zezaten lan. Aldi berean, Euskadiko ikus-entzunezkoa eta bertatik sortutako produktuak hobeto erakutsi nahi dira, horretarako Basque Audiovisual markaren espazio bereizia erabiliz.

"Stand propioa izateak abantaila asko ditu enpresentzat, beraiek izango dutelako protagonismo osoa. Aurreko edizioetan konturatu gara marka ona dugula, eta, horrekin batera, gure enpresen edukiak kalitatezkoak direla. Ondorioz, erakargarritasuna eta interesa pizten dugun gunea gara. Hauxe izan da eman beharreko urrats logikoa, duela urte bi Basque Audiovisual markarekin hasi genuen ibilbide arrakastatsuari jarraipena emateko", azaldu du Eikenen zuzendaria den Itziar Menak.

EUSKADI ETA GALIZIA

Gainera, oraingoan, Euskadi eta Galiziako ikus-entzunezkoen klusterren arteko akordioari esker, bi herrialdeetako enpresek elkartu egin dituzte beren espazioak, eta, ondorioz, sinergia komertzialak eta erakargarritasun-sinergiak sortu dira.

"Espazio osoa -azaldu du Itziar Menak- 40 metro koadro ingurukoa izango da, eta networking programa bat antolatuko dugu elkarlanean, beste herrialde batzuetako produktoreekin aritzeko".

Eikenen helburua da ikus-entzunezkoen sektorearekin erlazionatutako enpresa, erakunde eta elkarte ugariren presentzia ahalbidetzea MIPCTV 2009 azokan. Horrela, beren produktuak erakutsi eta harreman interesgarriak egin ahal izango dituzte, eta, bide batez, Euskadiko ikus-entzunezkoen sektorearen irudia sendotuko da, Cannesen espazio propio eta bereizia izanda.

Eikenek 2007. urtearen hasieran zeukan helburu estrategikoetako bat Kanpo Sustapenerako Urte Askotarako Plana finkatzea zen, eta, horretarako, marka bateratu batekin aurkeztu behar zen sektorea. Horrela, Basque Audiovisual finkatu egin da nazioartean, Euskadiko ikus-entzunezkoen sektoreko marka gisa.

Eikenek enpresei egindako inkestek diote enpresak marka garbi batekin identifikatzen direla, edozein merkatutan ezagutu ahal izango den marka batekin. Marka hori Euskadin egindako ikus-entzunezko produkzioaren berezitasunaren eta kalitatearen ikurra izan behar da.

Oro har, enpresen ustez, Basque Audiovisual babeserako plataforma bat da, eta, horren bitartez, nazioarteko merkatuaren alde egin nahi dute. Izan ere, Basque Audiovisual ez da soilik marka bat, eta, aitzitik, proiektua osatzeko, on-line erako katalogo komertzial bat (www.basqueaudiovisual.com) eta enpresei babesa ematen dien aholkulari-talde bat daude.

Canneseko MIPTV azokak nazioarteko izaera argia dauka. Iaz, 100 herrialde baino gehiago elkartu ziren bertan. Azokak irauten duen bost egunetan jarduera ugari egiten dira: hitzaldiak, mintegiak, keynote-ak, koktelak, proiekzioak, prentsaurrekoak eta sari-banaketak. Egun horietan zehar, Cannes Europako ikus-entzunezkoen hiriburu bihurtzen da.