EUSKADI.-BBK-k 185,5 milioi euro irabazi ditu urteko lehen seihilekoan, iaz baino %5,1 gehiago

Actualizado: miércoles, 8 julio 2009 16:02

BILBO, 8 Jul. (EUROPA PRESS) -

Bilbao Bizkaia Kutxak (BBK) 185,5 milioi euroko irabaziak lortu ditu 2009. urteko lehen seihilekoan, hau da, aurreko urteko aldi berean baino %5,1 gehiago, finantza-erakundeko iturriek prentsa ohar bidez gaur jakinarazi dutenez.

Marjina guztiek hazkunde positiboak izan dituzte, bereziki interes-marjinak, 234,7 milioi eurora heldu baitira, %29ko hazkundearekin. Kostuen kontrolean erabiltzen diren ohiko irizpideen zorroztasunari esker, administrazio-gastuak %0,5 murriztu dira, 152,1 milioi eurora iritsiz. Horrela bada, eraginkortasun-indizeak hobera egin du iazkoarekin alderatuz eta %33,92n kokatu da, finantza-arloko onenetarikoa izanik.

Berankortasunaren kontrolak tasa %2,23an mantentzea ahalbidetu dio BBKri. Beraz, finantza-arloko behereneko mailan eta kutxen arloko batez bestekoaren erdiaren azpitik kokatzen da. Bestalde, estaldura-indizea %97,09ra heldu da.

Bere arduradunen arabera, BBK "finantza-sistemako erakunderik kaudimenduna da", %21etik gorako kaudimen ratioarekin, hau da, sistemako indizerik onenarekin. Sendotasun hori, berriro baieztatua izan da duela gutxi, Moody's kreditu-arriskuen sailkapenerako nazioarteko agentziaren aldetik, BBKren errentagarritasuna, kaudimena eta arrisku-profila berretsita.

Emaitza hauek Plan Gidariaren "garapen-maila onaren ondorio" direla azpimarratu dute, bai ustiapen-emaitzari dagokionez, bai eta negozio-bolumenari dagokionez ere. Urteko lehen seihilekoko negozioaren bolumena 46.997 milioi eurora heldu da, baliabideen %6,4ko hazkundeak bultzatuta. Halaber, egituratutako gordailu berrien portaera ona nabarmendu dute, partida honen saldoa bikoiztea lortu baitu.

BBKren kreditu-jarduera igo egin da, bai partikularren arloan zein enpresetakoan. Hori dela eta, kreditu-inbertsioa %5,1 hazi da, eta hazkunde nabarmenak izan ditu xehekako sarean (%5,2) eta enpresetako sarean (%8,4), neurri handi batean, ETEei, dendei eta autonomoei emandako finantza-laguntzan oinarritutako politika komertzialari esker.

ETE-ENTZAKO FINANTZIAZIOA

Urteko lehen sei hilabeteetan BBK-k 1.000 milioi eurora zabaldu du ETEentzako finantziazio bereziaren lerroa. Joan den urrian finantzazio berezien lerroa martxan jarri zuenenetik, 1.500 enpresa baino gehiagok lortu dute finantziazioa, 746,5 milioi euroko zenbatekoarekin.

BBK-k lehentasun baldintzetan eman dituen kreditu hauetatik, %54, enpresek aktibo finkoetan inbertitzeko erabili dituzte. Bestalde, %30,5 zirkulatzailearen eragiketetara joan da eta gainontzeko %15,5a inportazio eta esportazio eragiketak egiteko erabili da.

Halaber, BBK-k lankidetza hitzarmenak berritu ditu merkatarien zenbait elkarterekin eta 100 milioi euroko lerro bat gauzatu du, Euskal Herriko lan-sozietateei laguntzeko.

Merkatu hipotekarioan, maileguen hazkundea %4,5ekoa izan da eta BBK-k lidergoa mantentzen du Bizkaian, non formalizatutako mailegu bitik, praktikan, bat BBKn gauzatzen den. BBK-ko inbertsio-fondoei dagokienez, joan den ekitaldiko amaieratik suspertze joeran mantentzen dira, %7,5eko hazkundearekin sei hilekoaren amaieran.

Aurreikuspen-planek ere joera berdina mantentzen dute eta %5,8ko igoera izan dute Baskepensionesen eta %29,1 pentsio-planetan.

BBKren negozioaren hazkundea 2009ko lehen seihilekoan sare guztien portaera onaren emaitza da, bai enpresen negozioan bai partikularrenean.