EUSKADI.-BBK-k %5,4 gehiago irabazi du urteko lehenbiziko hiruhilekoan, 60,6 milioi eurora iritsita

Actualizado: viernes, 17 abril 2009 15:36

BILBO, 17 Abr. (EUROPA PRESS) -

BBK-k 60,6 milioi euroko irabaziak izan ditu 2009ko lehenbiziko hiruhilekoan, hots, iazko garai berean baino %5,4 gehiago. Emaitza hauek bezeroen oinarrizko negozioak izan duen bilakaera onaren erakusle direla adierazi dute gaur prentsa ohar bidez finantza-erakunde bizkaitarreko arduradunek.

Horrela, marjin guztiek izan dute portaera ona. Bezeroen Marjinak bilakaera "aparta" izan du, 144,4 milioi eurora iritsi baita, iaz baino %15,6 gehiago; Marjin Gordina %3 hazi da eta 232,6 milioi eurora heldu da. Hazkunde hauek, BBK-k ezarri duen gastuen neurketa zehatzarekin batera -%0,5 jaitsita-, azken urteetako joerari eusten dio, eta marjinen arteko aldea handitzen doa.

Balantzeko baliabideen jasoera %4,7ko erritmoan hazi zen eta Maileguen Inbertsioa %5,2an, 20.875 milioi eurora iritsi arte. BBKrentzat, emaitza hauek "benetan azpimarragarriak dira" eraikuntzaren alorrak jasan duen geldialdia eta kontsumoaren moteltzea aintzat hartuta.

Likidotasunari buruzko emaitzei dagokienez, maileguen estaldura maila %105tik gorakoa izan da. Berankortasunari dagokionez, alorreko maila txikienetakoa du BBK-k, %2,2, eta estaldura maila %100 baino handiagoa da.

MERKATARITZA-JARDUERA

Bere bezeroen behar eta aurreikuspenak asebetetzea lehentasunezko helburu duen erakundea da BBK, eta horregatik bere zerbitzu eta produktu eskaintza norberaren egoera pertsonaletara eta testuinguru ekonomikora moldatzen saiatzen da.

2009ko lehen hiruhilekoan, %5,9ko hazkundearekin, BBKren mailegu hipotekarioak kutxak berak aurreikusitakoa baino gehiago hazi dira, 2008 osoan izan zuen jokaera beretsua mantenduz. Hipoteka gaztearen bitartez BBK berriro jarri da hipoteken merkatuak duen batez bestekoaren gainetik. Mailegu hau gazteen behar-finantzarioei erantzuteko sortu zen -kutxako giza talde eraginkorrenetakoa da gazteena-, beren lehen etxebizitza erosteko erreztasunak izan zitzaten, babespeko etxebizitzak erosteko, maiz.

Hipotekez gain, BBK-k sendi eta ETEen eskutan jarri ditu testuinguru ekonomiko zailari aurre egin ahal izateko finantza-tresna bereziak, 2009rako kutxaren lehentasun estrategikoetako bat hori baita, hots, krisiaren aurrean bezeroei erantzun eraginkorrak eskaintzea. Martxoan zehar, BBK-k 1.000 milioi eurora zabaldu zuen ETEentzako espreski sortutako finantza-bide berezia, bost hilabetetan CEBEKi atxikitako enpresek 500 milioiko lehen ekarpena agortu baitzuten. Finantza-baliabide hauekin, enpresok beren jardunarekin jarraitu ahal izateko inbertsioak egin ditzakete.

Pasiboaren lehiari dagokionez, 2009ko lehen hilabeteetan BBKren gordailuek jokaera ona izan dute, %7,8ko hazkundearekin. Horren erakusle da, adbidez, egituratutako gordailu asko epea bukatu aurretik amaitu direla, bezeroei agindutako errentagarritasunak epe laburragoan emanda, beraien kapitala arriskuan jarri barik. Garaiezina 8 gordailua izan da harrera onena izan duen produktuetako bat. Honek inbertsioaren %100 bermatzen du, 37 hilabetetan %29,9koa izan daitekeen errentagarritasun handiarekin (8,88 UTB), Euro Stoxx 50 indizearen araberakoa.

GIZARTE JARDUERA

Urteko lehen hiru hilabeteetan, BBK-k 14,2 milioi euro bideratu ditu gizarte erabilerako ekimenak finantzatzeko, bai eta 2008-2010 eperako Gizarte-ekintzaren Plan Estrategikoak jarritako helburuak betetzen jarraitzeko ere. 102 milioi euroko aurrekontu historikoarekin, BBKren Gizarte Ekintzak %17,5 handitu du 2008ko gizarte inbertsioa, eta 25,22 milioi euroko aparteko aurrekontua du, martxoko Batzar Nagusiak onartu bezala.

Aparteko ekarpen honekin, BBK Abandoibarra eraikineko lanek jarraitu ahal izango dute, EHUren Paraninfoa izateko, Bilboko Kale Nagusian BBK Aretoa atontzen jarraituko da eta Bilboko Udalarekin elkarlanean Udal Etxebizitzen egitasmoa garatu ahal izango da. Azken proiektu honen baitan, BBK-k 40 etxe erosiko ditu, Udalak gizarte-alokairuan erabili ditzan.

BBKren Gizarte Ekintzak Urdaibai Bird Centre egitasmoan ere esku hartuko du. BBKren partaidetzarekin abian jarriko den zentro berri honetan, ingurumenari lotutako ikerketa, hezkuntza eta turismo ekimenak egin ahal izango dira, inguru apartean.

Gainera, urtarrilean Gizarte Proiektuen VIII. Programa hasi zen, 2001ean ekin zionetik 38 milioi euroko laguntzak eman dituena, ekimen pribatuko 1.720 egitasmo gauzatu ahal izateko. Deialdi berria maiatzean argituko da, eta 6,2 milioi euro banatuko ditu. Gainera, Bizkaitik kanpo hautaketa prozesu berria jarriko du martxan.

Gizarte-finantzaketari dagokionean, BBK Gazte Lanbidean Fundazioak 31 enpresa-egitasmo berri babestu ditu eta hauek 49 lanpostu sortu dituzte. Fundazioak hilero 6.000 euroko saria ematen jarraitzen du, hamargarren urtemugako Enpresa-Proiketuen Lehiaketan. BBK Solidarioaren finantzaketa, berriz, 20,4 milioi eurora iritsi da.

KULTURA

Kultura jardunean, Emakumeen Nazioarteko egunean "Martxoaren 8ko historiak" izeneko liburuaren hirugarren edizioa plazaratu zuen BBK-k, aurrekoekin 9.000 ale baino gehiago saldu eta gero. Liburu honetan emakumeen eskubideei buruz idatzi zuten zortzi euskal idazle ezagunek, emakumezkoak denak.

Bidebatez, nazioarteko egun honetan, BBKren Kultur Gelak Emakumeen I. Antzerki Topaketak ere jaso zituen, eta emakumea eta berdintasuna ardatz zuten antzezlanak taularatu zituzten emakumeek osatutako hiru talde amateurrek, Besarkada erakundekoak.

Jerez de la Fronterako Talaian egin zen galan, azkenik, BBK-k "Flamenkoaren sustapen onena" saria jaso zuen. Sariotako irabazleak flamenkoan adituak diren 50 kazetarik aukeratzen dituzte, eta flamenkoak eman ohi dituen sari garrantzitsuenak omen dira.