EUSKADI.-BBK-k %5eko partaidetza izango du IMQren Zorrotzaurreko klinikaren sustatzailearen kapital sozialean

Actualizado: lunes, 20 julio 2009 19:24

BILBO, 20 Jul. (EUROPA PRESS) -

Igualatorio Medico Quirurgicok (IMQ) eta Bilbao Bizkaia Kutxak (BBK) elkarlanerako akordio bat sinatu dute gaur. Horren bitartez, finantza-erakunde bizkaitarra IMQ-k Bilboko Zorrotzaurre gunean eraikiko duen klinikaren higiezinen elkarte sustatzailearen kapital sozialean sartzen da.

IMQren kontseilari zuzendari nagusi Jose Andres Gorrichok eta BBK-ko presidente Xabier de Iralak sinatu dute akordioa. Horren bitartez BBK-k %5eko partaidetza izango du klinikaren sustatzailearen kapital sozialean. Era berean, aurrezki kutxak parte-hartzea izango du klinikaren elkarte kudeatzailearen kapitalean.

Zentroaren inbertsio osoa 85 milioi eurokoa izango da, lurra, eraikinaren eraikuntza eta instalazio zein ekipamendu berriak kontuan izanda. IMQ-k operazio honen lidergoa hartzen du bere gain proiektua gauzatuko duen sozietatearen %75ko parte-hartzea mantentzean. Adeslasek %20 hartuko du bere gain eta gainontzeko %5a BBK-k gaur sinatutako akordioaren bitartez.

Egingo den klinikaren eraikina Alfonso Casares eta Carlos Ferrater arkitekto ospetsuek diseinatu dute. Azken berrikuntza funtzional, teknologiko eta arreta aldekoak izango ditu eta ospitaleratze zein larrialdietarako 210 plaza izango ditu. Bere izaera integralak beste espezialitate mediku eta kirurgiko batzuetako zerbitzuak eskaintzea ahalbideratuko dio gainera. Eraikuntza lanak udazkenean hastea aurreikusi da eta beste bi urtez luzatuko dira.

2009 aldia data historikoa da IMQrentzat, alde batetik, osasun egitasmo honen lanak hasiko direlako, eta bestetik, 75 urte betetzen dituelako, urteurren hau Estatuko bederatzigarren osasun aseguratzaile eta Euskadiko nagusi gisa ospatzen duelarik.