EUSKADI.-BBK Gazte Lanbidean Fundazioak 6.000 euroko saria eman dio Lorena eta Mar Martinez ahizpen "Miss Shoes" zapata-dendari

Actualizado: jueves, 7 mayo 2009 14:17

BILBO, 7 May. (EUROPA PRESS) -

BBK Gazte Lanbidean Fundazioak bizkaitar gazteen enpresa-ideia ezberdin bati hilero ematen dion 6.000 euroko saria Lorena eta Mar Martinez ahizpentzat izan da hil honetan. Bilboko Miribila auzoan seme-alabak dituzten familia gazte ugari bizi dira, eta laster, hango lehen haurrentzako zapata-denda izango Martinez ahizpen "Miss Shoes".

Negozioaren sustatzaile gazteek abuztuan zabaldu nahi dituzte ateak, eta haien ustez, auzoko beharrizanetako bati erantzungo diote. Beren hitzetan, "guraso askok ez dute Bilboko hirigunera edota inguruko merkataritza-zentro batera joan behar izango familiarentzako oinetakoak eta arropa erosteko, behin baino gehiagotan amets gaiztoa izaten dena".

"Miss Shoes" Miribilako merkataritza-guneko sarreran egongo da, aldiriko tren geltoki berritik oso gertu. Merkataritza-gunea auzoko erreferentzia berri bilakatu da, eta bertan badago familia ugarik bisitatzen duten parke txiki bat. Enpresa-proiektu berri hau BBK Gazte Lanbidean Fundazioak finantzatu du.

"Hasiera-hasieratik lagundu digute -esan du Lorena Martinezek-. Negozioa zabaltzeko behar genuen finantzaketaren zati handia eman digute, eta aholkularitza ere eskaini digute lehen urtean zehar". Bi gazte ekintzaileek esan dute "ezusteko bikaina" izan dela 6.000 euroko saria jasotzea.

BBK Gazte Lanbidean Fundazioak bere hamargarren urteurrena dela-eta sortu duen Enpresa Proiektuen Lehiaketaren barruan, saria jaso duen zazpigarren enpresa-proiektua da "Miss Shoes" zapata-denda. Lehiaketak enpresa-kultura sustatu nahi du bizkaitar gazteen artean, beren enplegu aukerak areagotuko lituzketen proiektu berriak bultzatzeko.

Saria Fundazioak finantzatzen dituen ekimen guztiek jaso ahal izango dute, baldin eta 2008ko irailaren 1etik 2009ko abuztuaren 31ra martxan jartzen badira. Enpresa-Proiektuen Lehiaketaren oinarriak www.bbk.es webgunean daude eskuragarri.