EUSKADI.-BBKren Administrazio Kontseiluak Mario Fernandez izendatu du erakundeko presidente

Actualizado: lunes, 27 julio 2009 15:28

BILBO, 27 Jul. (EUROPA PRESS) -

Bilbao Bizkaia Kutxako (BBK) Administrazio Kontseiluak erakundeko presidente izendatu du gaur Mario Fernandez, Xabier de Iralaren ordez, azken honek bere dimisioa aurkeztu baitu. Bilbon egindako bileran, BBK-ko Administrazio Kontseiluak Jose Maria Iruarrizaga aukeratu du erakundeko presidenteorde.

Gaurko izendapenekin amaitutzat eman da Xabier de Iralak uztailaren 31 baino lehen aurrezki kutxa utziko zuela iragarri zuenean abiatu zen ordezkapena. Iralak joan den ostiralean parte hartu zuen bere presidentziako azken Batzar Nagusian. Bertan, urteko lehen seihilekoko emaitza nagusien berri eman zuen, azken sei urteotan BBKren presidentzian eginiko kudeaketaren balantzea egiteaz gain.

BBK-ko presidente berria, Mario Fernandez, Bilbon jaio zen eta Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziatua da. Bertan, 1966az geroztik Merkataritza Zuzenbideko irakaslea izan da. Bere espezialitate-alorrak, egitasmoen finantzaketa, EEPak, SEPak, bateratzeak, erosketak eta sozietateen zuzenbidea izan dira.

2002az geroztik, Bilboko Uria y Menendez abokatuen bulegoko kidea izan da. Aurretik, 1997an hasita, BBVA Taldeko Gai Legalen zuzendaria eta Zuzendaritza Batzordeko kidea izan zen.

Mario Fernandez Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea izan zen 1980ko hamarkadan, bai eta Administrazio zentralaren eta Jaurlaritzaren bitariko Trasferentzien Batzordeko presidentea eta 1980tik 1985eko urtarrilera arte Eusko Jaurlaritzako Batzorde Ekonomikoko presidentea ere. Hainbat argitalpen espezializaturen egilea da.