EUSKADI.-Behargintzak sustaturiko trebakuntza ikastaroen eskatzaileen kopurua "nabarmen" igo dela dio Gernika-Lumoko Udalak

Actualizado: martes, 24 febrero 2009 17:58

BILBO, 24 Feb. (EUROPA PRESS) -

Behargintza zentroak eskaintzen dituen trebakuntza ikastaroetan parte hartzeko eskatzaileen kopurua "nabarmen" igo da Gernika-Lumon (Bizkaia). Igoeraren arrazoia "gaur egungo atzeraldi ekonomikoa eta langabezia egoera" dela azaldu du Iñaki Gorroño Gernika-Lumoko Udaleko Sustapen Ekonomikoko zinegotziak. "Izan ere, garai hauetan trebakuntza lana bilatzeko inbertsio modura uler daiteke", azpimarratu du.

Behargintzak egindako ikerketan aipatzen denez, 2008. urtean lau ikastaro antolatu ziren. Hauen artean, eraikuntza makinen langile eta kamioi gidari ikastaroak izan ziren arrakastatsuenak, 54 eta 60 eskatzailerekin, hurrenez hurren; ondoren, etxez etxeko laguntzaile eta autonomoentzako merkataritza-gestioa ikastaroak izan ziren eskuragai, biak 29 parte-hartzailerekin.

Hala ere, 2009. urteko lehenengo bi hilabeteetan, eta hiru ikastaro antolatu ondoren, eskabideak "izugarri handitu dira", 77 eskatzailera heldu arte.

Etxez etxeko laguntzaile ikastaroa izan da eskari handiena izan duena 58 pertsonekin (2008an 29 izan ziren). Beste bi jarduerek, hots, publizitate kanpainen kudeaketak eta enpresarientzako marketinak, 11 parte-hartzaile ditu, eta tornu operadore ikastaroak, azkenik, 37.

Behargintza tokiko garapen ekonomikoa eta trebakuntza sustatzeko zentroak, gernikarrekin batera, Ajangiz, Arratzu, Busturia, Ea, Errigoiti, Forua, Gautegiz Arteaga, Ibarrangelu, Mendata, Morga, Murueta, Muxika eta Nabarnizko herritarrei ere ematen die zerbitzua.