EUSKADI.-Bernardo Atxaga eta Joxe Mari Iturralde irakurtzearen eta idaztearen egitateaz ariko dira gaur Bilboko Bidebarrietan

Actualizado: martes, 17 marzo 2009 10:33

BILBO, 17 Mar. (EUROPA PRESS) -

Jendaurreko hitzaldi baten bitartez literaturgileengana hurbiltzea proposatzen duen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren "Eztabaidak Literaturarekin" ekimenak Bernardo Atxaga eta Joxe Mari Iturralde bilduko ditu gaur arratsaldean Bidebarrieta Kulturgunean, irakurtzearen eta idaztearen egitateaz aritzeko.

Antolatzaileen arabera, "amankomunean asko duten" bi idazle dira Atxaga eta Iturralde, adinkideak (biak 1951an jaioak) eta jatorriz Tolosaldekoak direlako, eta euren hastapen literarioa Pott talde abangoardistan izan zutelako. "Eztabaidak Literaturarekin" ekimeneko denboraldi berriko euskarazko lehenengo hitzaldia izango da biharkoa.

Pili Kaltzada kazetariak aurkeztu eta zuzenduko duen hitzaldia Bidebarrieta liburutegiko ekitaldien aretoan izango da, 19:30etatik aurrera. Proposatu den gaia irakurtzearen eta idaztearen ekintza da hasiera batean, "baina seguruenik hitzaldiak esparru zabalagoa ere hartuko du", esan dute antolatzaileek.

Apirilaren 21ean, "Eztabaidak Literaturarekin"! programak Espido Freire eta Rafael Chirles bilduko ditu. Zikloa 2008ko otsailean abiatu zen Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan, eta harez geroztik, Ramiro Pinilla eta Harkaitz Cano, Ana Maria Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Belen Gopegui eta Iban Zaldua, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel de Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid edo Fernando Aranburu eta Pedro Ugarte izan dira hizlari.