BILBO 20 Nov. (EUROPA PRESS) -
Bilboko 1960ko hamarkadako errealitatea erakusten duten eta berriki zaharberritu diren bi film labur aurkeztuko ditu Zinebi Bilboko Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 50. edizioak. Gainera, zaharberrituriko bi lanak erabiliko dira jaialdiaren inaugurazio eta bukaera ekitaldiak hasteko, antolakuntzak prentsa ohar bidez gaur jakinarazi duenez.
Lehenengo lana "Otxarkoaga" da, Bilboko txabolismoaren gaineko eta familia txabola-egileei berriro ostatua emateko Otxarkoaga auzoaren eraikuntzaren gaineko dokumentua. Jorge Grau zinemagile katalanak sasoi hartako Etxebizitza Ministerioaren aginduz zuzendu zuen 12 minutuko lan honen kopia galdutzat jotzen zen. Euskadiko Filmategiaren eta Espainiako Filmategiaren arteko lana izan da filmaren zaharberritzea.
Berreskuratutako bigarren filma "La ria de Bilbao" da, Pedro Olea zuzendari bilbotarrak 1966an "Conozca usted España" telesaiorako zuzendutako filma. Hiria egituratzen duen itsasadarrean zehar egindako 30 minutuko ikus-entzunezko ibilbidea dugu: Zazpi Kaleak bezalako leku adierazgarriak behatzen gelditzen da lana eta aldi berean, hiribilduko meatze, industria eta finantzen muina erakusten du, zenbait ohitura herrikoi eta kirol mitologiarekin batera.
Radio Television Españolak (RTVE) burutu du dokumental honen zaharberritze digitala, Zinebiren 50. urteurrenari egindako ekarpen gisara.