EUSKADI.-Bi gizon atxilotu dituzte Azkoitin (Gipuzkoa) enpresa batean aparkatuta zeuden bi kamioitan gasolioa lapurtzeagatik

Actualizado: lunes, 2 marzo 2009 18:27

DONOSTIA, 2 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek bi gizonezko atxilotu zituzten atzo goizeko lehen orduan Azkoitiko (Gipuzkoa) enpresa barruti batean aparkatuta zeuden bi kamioitan gasolioa lapurtzeagatik, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Gertakariak 6:30ak aldera jazo ziren, Azkoitiko burdin-enpresa batean. Alarmak jasotzeko zentroak jabea ohartarazi zuen eta bere enpresan lapurreta egiten ari omen zirela jakinarazi zioten. Bertaratu zenean, furgoneta batean presaka alde egiten ari ziren bi gizonezko ikusi zituen jabeak.

Ertzaintza ohartarazi ostean, enpresariak lapurrei jarraitu zien, Elgoibarko noranzkoan. Jarraian, hainbat polizia baliabide bertaratu ziren eta, Ertzaintzaren patruila bik autoa Azkarate mendatean geldiaraztea lortzen zuten bitartean, gainerako ertzainek enpresa-barrutian aparkatuta zeuden bi kamioiren erregai-tangak manipulatuta zeudela egiaztatu zuten. Halaber, eskailera gisa erabiltzeko antolatuta zegoen metalezko egitura (ustez barruan sartzeko erabili zutena) bateraino heltzen ziren erregai orban egin berriak aurkitu zituzten agenteek.

Enpresaburuak agenteei azaldu zienez, furgonetan zihoazen bidaiairiek hainbat objektu errepidera bota zituzten ihes egiten zuten bitartean. Hori egiaztatu ostean, ertzainek gasolio-bidoi bi aurkitu zituzten Azkarate mendaterako errepideko tarte baten arekan, eta baita plastikozko mahuka bat ere; ustez, erregaia ateratzeko erabili zutena.

Ebidentzia horien guztien aurrean, agenteek 35 eta 39 urteko bi gizonezkoak atxilotu zituzten, ondarearen kontrako delitu bat egotzita.