EUSKADI.-Bi gizon atxilotu dituzte Basaurin (Bizkaia) kontrabandoko tabakoarekin harrapatu ondoren

Actualizado: lunes, 4 enero 2010 12:29

BILBO, 4 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek bi gizonezko atxilotu zituzten atzo Basaurin (Bizkaia) tabako kontrabandoaren delitu bat egin izana egotzita. Basauriko merkataritza-gune bateko aparkalekuan harrapatu zituzten atxilotuak, kontrabandoko tabakoa furgoneta batetik beste batera zamatzen ari zirenean. 401 tabako-kartoi eta, ustez, tabako horren salmentatik lortutako 3.270 euro billetetan aurkitu zituzten ertzainek, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Gertakariak atzo goizeko 11:15ean jazo ziren, Basaurin. Ertzaintzaren patruila batek bi furgoneta ikusi zituen udalerri horretako merkataritza-gune bateko aparkalekuan. Ibilgailu horiek ertzainen susmoak piztu zituzten, izan ere, bata bestearen aurrean aparkatuta zeuden eta atzeko ateak zabalik zituzten. Gainera, bi gizonezko plastikozko poltsa batzuk furgoneta batetik bestera zamatzen ari ziren eta, polizia zegoela ohartu zirenean, jarrera susmagarria erakutsi zutela iruditu zitzaien agenteei.

Ertzaintzaren hainbat baliabide bertaratu ziren. Une horretan, gidarietako bat aparkalekutik alde egiten saiatu zen bere furgonetan, ertzainek gelditzeko emandako aginduei uko eginda. Patruiletako batek ibilgailua geldiarazi eta gidaria identifikatu zuen. Harrapatu zutenean, gizonezkoa billete-sorta bat jesarleku batean ezkutatzen saiatu zen.

Ertzainek beste gidaria ere identifikatu zuten eta bi furgonetak miatu zituzten. Hartara, ibilgailuetako batean hainbat markatako 401 tabako-kartoi atzeman zituzten. Halaber, 3.270 euro billetetan aurkitu zituzten, ustez, kontrabandoko tabako horren salmentatik lortutakoa; gizonezkoetako batek diru hori ezkutatzen saiatu zen, ertzainek harrapatu zutenean. Hori guztia dela eta, agenteek bi susmagarriak atxilotu zituzten, tabako kontrabandoaren delitu bat egin izana egotzita.

Atxilotuak (45 eta 49 urteko bi gizonezko) polizia egoitza batera eraman zituzten beharrezko eginbideak burutzeko eta, datozen orduotan, epailearen esku geratuko dira.