EUSKADI.-Bi gizon atxilotu dituzte Beasainen (Gipuzkoa) adingabe bati makila batekin jotzeagatik eta furgoneta baten osteagatik

Actualizado: martes, 17 febrero 2009 15:12

DONOSTIA, 17 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek bi gizonezko atxilotu zituzten atzo arratsaldean Beasainen (Gipuzkoa), lesio delitu bat egin izana egotzita. Atxilotuek 14 urteko adingabe bati makila batekin eraso egin zioten eta zenbait haustura eragin zizkioten. Ordu batzuk lehenago, Beasainen bertan, opilez beteriko furgoneta batean lapurtzea ere leporatu diete atxilotuei, Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Atzo arratsaldean, 17:00ak aldera, Beasaingo erdialdeko kale batean gazte bati eraso egin ziotela jakin zuen Ertzaintzak. Agenteak bertaratu zirenean, dagoeneko biktima osasun zentro batean zegoen eta ustezko erasotzaileek alde egin zuten.

Ondorengo ikerketek ustezko erasotzaileak identifikatzea ahalbidetu zuten; hain zuzen ere, bi gizonezkoak gertuko etxebizitza batean ezkutatuta zeudela jakin ahal izan zuten ertzainek. Biktima (14 urteko adingabe bat) Zumarragako Ospitalean zegoen, eta tibia eta peronea hautsita zituen.

Ertzainek erasoaren ustezko bi egileak (21 eta 28 urte) atxilotu zituzten, lesio delitu bat egotzita; gainera, atxilotuetako batek delitu aurrekari ugari ditu. Halaber, ordu batzuk lehenago udalerri berean opilez zamatutako furgoneta batean ostu izana ere leporatu die Ertzaintzak. Ondoren egiaztatu ahal izan dutenez, lapurreta horretan jazotako egoeraren baten ondorioz gertatu zen erasoa.