EUSKADI.-Bi gizon atxilotu dituzte Bilbon auto baten barruan lapurtzeagatik

Actualizado: miércoles, 11 marzo 2009 18:03

BILBO, 11 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek bi gizonezko atxilotu dituzte gaur goizaldean Bilbon, Etxezuri kalean aparkatuta zegoen auto batean lapurtzeagatik, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Gaur goizaldean, 2:20 aldera, herritar batek Ertzaintza ohartarazi du, pertsona bat Bilboko Etxezuri kalean aparkatuta zegoen Smart auto batean lapurtzen ari zelako. Ertzaintzaren patruila bat bertaratu denean, agenteek bi gizonezko aurkitu dituzte autoaren aldamenean. Horietako batek hautsita zegoen ibilgailuko leiho batean sartuta zeukan besoa eta barrutik zerbait hartzen saiatzen ari zen.

Agenteak ikusterakoan, bi susmagarriak Lezamako Trenbide Zaharra kalerantz korrika hasi dira, baina ertzainek segituan atzeman dituzte. Ihes egiten hasi direnean, susmagarrietako batek mp3 irakurgailu bat (ostutakoa antza) bota dio atzetik zihoan agente bati. Irakurgailuak ertzaina gorputzean jo duen arren, agenteak susmagarria atzematea lortu du.

Agenteek atzemandakoak (29 eta 33 urteko bi gizon) identifikatu eta atxilotu dituzte, indarkeriaz egindako lapurretaren delitu bat egotzita. Gainera, lehenengoari, agintzaren agente baten aurkako atentatu delitua leporatu diote, izan ere, atzeman dutenean, atzetik jarraitu dion agenteari aurre egin dio eta hura jotzen saiatu da.