EUSKADI.-Bi gizon atxilotu dituzte Bilbon eta Donostian genero indarkeriagatik

Actualizado: miércoles, 25 febrero 2009 14:13

BILBO, 25 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzak bi gizonezko atxilotu zituen atzo Bilbon eta Donostian, etxeko indarkeriaren delitu bana egotzita, beren bikotekideei eraso baitzieten, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailetik gaur jakinarazi dutenez.

Lehenbiziko gertakaria atzo goizean jazo zen Bilboko Santutxu auzoan, emakumezko bat bere etxebizitzako atarian bikotekide ohiarekin zegoenean. Bien arteko eztabaida bat hasi zen eta, bat-batean, gizonezkoak emakumezkoa jo zuen eta 820 euro ostu zizkion. Jarraian, ustezko erasotzaileak bere autoan alde egin zuen.

Tokira patruila bat eta biktima Basurtuko Ospitalera eraman zuen anbulantzia bat bertaratu ziren. Tratu txarren egilea, 30 urteko gizonezko bat, goiz horretan bertan atzeman eta atxilotu zuten, San Frantzisko kalean.

Bigarren gertakaria, 15:30ak aldera izan zen. Patruila bat Donostiako Intxaurrondo auzoko etxebizitza batera joan zen, ustez eraso bat jazo zela ohartarazi baitzuten.

Agenteak emakumezko batekin harremanetan jarri ziren etxebizitzako eskaileretan eta, honek azaldu zienez, bere anaiarekin eztabaidatzen hasi zen eta gizonezkoak aizto batekin eskuetan zauritu zuen. Agenteek ustezko erasotzailea (42 urteko gizon bat) familiaren etxebizitzan atxilotu zuten eta emakumezkoa Donostia Ospitalera eraman zuten.

Bilbon eta Donostian atxilotutako bi gizonezkoak epailearen esku jarri dituzte gaur goizean, dagozkien polizia eginbideak amaitu ostean.