EUSKADI.-Bi gizon atxilotu dituzte Bilbon ibilgailu batetik ordenagailu eramangarri bat lapurtzeagatik

Actualizado: lunes, 20 abril 2009 16:38

BILBO, 20 Abr. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 27 eta 23 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten atzo Bilbon indarra erabiliz egindako ustezko lapurreta bat leporatuta. Ustezko lapurrek Campo Volantin pasealekuan aparkatuta zegoen auto bat indarra erabiliz ireki zuten barruan zegoen ordenagailu eramangarri bat osteko. Zerbitzutik kanpo zegoen agente batek guztia ikusi du eta Ertzaintzari abisua eman dio susmagarriak atxilotzea ahalbidetuz.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez, atzo arratsaldean jazo zen guztia, 18:30ak aldera. Ordu hartan, zerbitzutik kanpo zegoen agente bat autoz zihoan Campo Volantin pasealekutik eta orduan, gizonezko bi ikusi zituen auto baten aurreko atea indarrez irekitzen. Agentea autotik jaitsi eta susmagarriek autoko atearen markoa okertu eta auto barrura sartzeko artazi batzuekin atea nola irekitzen zuten ikusi zuen. Une hartan, agenteak Ertzaintzari dei egin zion laguntza eske.

Patruila bat bertaratu zenean, ertzainek zerbitzutik kanpo zegoen agentearekin hitz egin zuten eta honek azaldu zien bi susmagarriek ihesi alde egin zutela Salbe Plazara bidean. Minutu batzuk geroago aurkitu zituen patruilak: Citroen Xsara batekin gurutzatu berri ziren eta autoko bidaiariekin hitz egin ostean, autora igo ziren ustezko lapurrak. Handik gutxira aipatutako autoa aurkitu eta geldiarazi zuten agenteek eta bi susmagarriak identifikatu zituzten; gainean zeramatzaten poltsetako batean ordenagailu eramangarri bat zegoen.

Berehala bertaratu zen indarrez irekitako autoaren jabea eta bertatik ordenagailu bat lapurtu ziotela adierazi zuen. Hau ikusita, ertzainek 27 eta 23 urteko gizonezko biak atxilotu zituzten indarra erabiliz egindako ustezko lapurreta delitu bat leporatuta.