EUSKADI.-Bi gizon atxilotu dituzte Bilbon labana batekin elkar erasotzeagatik

Actualizado: viernes, 15 enero 2010 14:47

BILBO, 15 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek bi gizonezko atxilotu zituzten atzo gauean Bilbon lesio delitu bat leporatuta. Labana batekin elkarri eraso egin zioten biek. Era berean, atxilotuetako bati genero-indarkeria delitu bat ere egotzi diote bere bikotekide ohia -beste susmagarriaren egungo bikotekidea- mehatxatzeagatik. Dirudienez, arrazoi sentimentalak direla eta gertatu zen guztia.

Bi gizonezkoak ospitale ezberdinetara eraman zituzten zaurituta; batak sabelaldean zauri bat zeukan eta besteak, aldiz, hainbat ebaki buruan eta bularrean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Atzo gaueko 23:15 aldera gertatu zen guztia Bilboko Bilbo Zaharra auzoan. Emakumezko batek Ertzaintzari jakinarazi zionez, bere bikotekideak telefonoz heriotza mehatxuak egin omen zizkion; emakumezkoaren egungo bikotekidearen etxera joateko asmoa zuela ere jakinarazi omen zion.

Ertzaintzaren patruila bat bertaratu zenean, gizonezko bat korrika hurbiltzen zitzaiela jabetu ziren agenteak; deia egin zuen emakumezkoaren egungo bikotekidea zen. Sabelaldean labankada bat zeukala ikusita, ertzainek berehala eskatu zuten osasun zerbitzuen laguntza. Biktima artatzen zuten bitartean, beste gizonezko bat hurbildu zitzaien larriki zaurituta; buruan eta bularrean hainbat ebaki zituen. Bigarren gizonezkoa emakumezkoaren bikotekide ohia zen.

Osasun zerbitzuko kideek bi gizonezkoak artatu zituzten eta Basurtu eta Gurutzetako ospitaleetara eraman zituzten. Han ebakuntza egin zieten eta ospitaleratuta geratu ziren. Jakin ahal izan denez, bi gizonezkoak eraikuntzako eskaileratan egin zuten topo eta liskarra izan ostean, labana batekin batak besteari era so egin zioten. Agenteek, erasoaldian erabilitako armetako bat portalean aurkitu zuten eta bestea, etxe inguruetan aparkatuta zegoen auto baten azpian.

31 eta 37 urteko gizonezko biak (emakumezkoaren egungo eta ohiko bikotekideak, hurrenez hurren) atxilotu egin zituzten agenteek lesio delitu bat leporatuta. Bikotekide ohiari gainera, genero-indarkeria delitu bat ere egotzi zioten.