EUSKADI.-Bi gizon atxilotu dituzte Donostian genero indarkeriagatik

Actualizado: lunes, 23 marzo 2009 16:58

DONOSTIA, 23 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzak bi gizonezko atxilotu zituen atzo Donostian genero indarkeriaren delitu bana egotzita. Kasu bietan, gertakariak biktimen etxebizitzetan jazo ziren, ustezko erasotzaileekin eztabaidatzen ari zirenean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko iturriek gaur jakinarazi dutenez.

Atzo goizean, 7:00ak aldera, gizonezko gazte bat neska-lagun ohiarekin hitz egiten ari zen, emakumearen etxebizitzako eskailera buruan, Gros auzoan. Elkarrizketan zehar, gizona haserretzen hasi zen eta, ondorioz, emakumearen amak alaba etxean sartzera behartu zuen. Une horretan, atxilotua mehatxu egiten hasi zen eta etxebizitzako atea jo eta bere lekutik atera zuen; horrez gain, atariko atean ere kalteak egin zituen.

Zenbait patruila bertaratu ziren eta susmagarria (20 urteko gizonezko bat) atxilotu zuten. Gizona erabat asaldatuta zegoen eta jarrera oldarkorra erakutsi zuen; hortaz, Donostia Ospitalera eraman zuten, medikuek bere osasun egoera azter zezaten.

Bestade, 15:00ak aldera, patruila bat Donostia erdialdeko etxebizitza batera bertaratu zen, pertsona bati eraso egin ziotela ohartarazi baitzuten. Agenteak heldu zirenean, emakumezko batek eraso baten lekuko izan zela jakinarazi zien; hain zuzen, gizonezko batek bere bikotekide ohia jo, eta biktimak bere haurrekin etxebizitzatik alde egin zuela ikusi omen zuen emakumezkoak.

Adierazpen horren aurrean, agenteek erasotzailea (bertan zegoen 30 urteko gizonezko bat) atxilotu zuten. Pixka bat geroago, biktima polizia egoitza batera joan zen eta agenteek Donostiako Ospitalera bertaratzen lagundu zuten, lesioak artatzeko.