EUSKADI.-Bi gizon atxilotu dituzte Getxon (Bizkaia) emakumeen aurkako indarkeria egotzita

Actualizado: lunes, 16 marzo 2009 18:06

BILBO, 16 Mar. (EUROPA PRESS) -

Getxoko (Bizkaia) Udaltzaingoak bi gizonezko atxilotu zituen pasa den asteburuan, emakumeen aurkako indarkeria delitu bana egotzita, Getxoko Udaletik prentsa ohar bidez gaur jakinarazi dutenez.

Lehenengo atxiloketa larunbatean izan zen, 4:50ean, Erromo auzoan, sei hilabetez haurdun dagoen andra batek bere bikotekide ohia jipoitu zuela salatu zuenean. Antza, kolpatutako emakumea Erromoko taberna batean zegoen mutil batekin, Getxoko 28 urteko J.M.R. bikotekide ohia bertan sartu zenean, neska batek lagunduta. Orduan, atxilotua haiengana joan zen eta andraren kontra irainak botatzen hasi zen.

Emakume horrekin zegoen mutilak aurre egin zion eta biak borrokan hasi ziren. Tabernaren jabea mutil biak lasaitzen saiatu zen baina atxilotuak biktima besotik hartu, kalera eraman eta jipoitzen hasi zen lurrera erori zen arte. Orduan mutila bere etxera joan zen eta neska utzi zuen kalean, bere etxeko giltzak kendu eta gero. Hori dela eta, andrak auzokide baten etxera joan behar izan zuen eta hortik Udaltzaingora deitu. Udaltzainek neskak hainbat kolpe eta odolbatu zituela ikusi eta gero Gurutzetako Ospitalera eraman zuten. Andrak aurrekoetan ere mutilarengandik erasoak jaso zituela baina ez zuela salatu esan zuen.

Bigarren atxiloketa ere larunbatean izan zen, 10:00etan, Algortan. Agenteek Udaltzaingoaren Koordinazio Zentrotik dei bat jaso zuten gizonezko eta emakumezko baten artean eztabaida edo borroka bat zegoela esanez.

Etxebizitza horretara heldu zirenean hiru urteko ume batek zabaldu zuen atea. Bere amaz galdetuta hura non zegoen esan zien umeak, eta orduan emakumezkoa oihuka hasi zen laguntza eskatzen. Etxeko goiko solairuan kolpatutako andra topatu zuten F.M.S. inizialak dituen 30 urteko gizonezko baten ondoan, logelaren ohe gainean jesarrita zegoela.

Andrak bere senarra zela esan zuen, eraso egin zuela eta heriotza mehatxuak egin ziola, eta ez zela lehenengo aldia. Udaltzainek andrak blusa apurtuta zuela egiaztatu zuten. Etxebizitzan beste hirugarren pertsona bat zegoen une hartan, gertatutakoaz lekukoa izan zena. Atxilotutako bi gizonak epailearen aurrera eraman zituzten udaltzainek.