EUSKADI.-Bi gizon atxilotu dituzte Gueñesen (Bizkaia) etxe batean lapurtzen saiatzeagatik, atea aizkorakadaz ireki ondoren

Actualizado: jueves, 4 marzo 2010 14:01

BILBO, 4 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzak bi gizonezko atxilotu zituen atzo Gueñesen (Bizkaia), udalerri horretako etxebizitza batean lapurreta egin izana egotzita. Atxilotuek kanpoko atea aizkorakadaz zabaldu zuten eta kalteak egin zituzten etxeko sarreran, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Atzo arratsaldeko 17:00ak aldera, Gueñeseko bizilagun batek Ertzaintzari jakinarazi zion bi gazte Sologutxi auzoan hutsik dagoen etxe baten inguruetan zebiltzala. Denbora gutxira, patruila bat bertaratu eta etxea inguratzen duen eremua miatzen hasi zen. Agenteek baieztatu zuten sarrera-atea indarrez zabalduta zegoela. Halaber, aizkora bat zeukan gizon bat ikusi zuten etxearen kanpoaldean.

Poliziak ikusi zituenean, gaztea murru baten atzean ezkutatzen saiatu zen. Berarekin zegoen beste gazte bat etxeko atondoan zegoen makurtuta, ezkutatu nahian. Gainera, etxeko hainbat ate hautsita zeuden eta agenteek ateak indarrez zabaltzeko erabili ohi diren tresnak aurkitu zituzten geletako batean.

Ebidentzia horien aurrean, agenteek bi gizonezkoak (18 eta 24 urte) atxilotu zituzten, indarra erabiliz egindako lapurreta delitu bat egotzita.