EUSKADI.-Bi gizon atxilotu dituzte Irunen (Gipuzkoa) eta Donostian beste biri erasotzeagatik

Actualizado: lunes, 2 marzo 2009 17:26

DONOSTIA, 2 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek bi gizonezko atxilotu dituzte azken orduetan Irunen (Gipuzkoa) eta Donostian, eraso bana egin izana leporatuta. Lehenbiziko atxiloketa atzo arratsaldean jazo zen, Irunen, gizonezko batek beste bati labankada bat eman zionean, emakumezko batengatik eztabaidan ari zirela. Gaur goizaldean beste gizon bat atxilotu dute Donostian, larunbatean autobus geltoki batean beste gizon bati hesola batekin eraso egin izana egotzita.

Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez, Irunen giza hilketa saio baten delitu bat leporatuta atxilotu dute gizona. Atxilotuak beste gizon bati labana batez eraso egin zion, emakumezko batengatik eztabaidatzen ari zirenean. Biktima ospitale batean artatu behar izan zuten pairatutako zaurien larritasunaren ondorioz. Gertakariaren ostean, ustezko erasotzailea auto batean ihes egiten saiatu zen baina patruila batek pixka bat geroago aurkitu eta atxilotu zuen.

Erasoa atzo goizean jazo zen, 7:00etan, Irungo erdialdeko kafetegi baten inguruetan. Beste pertsona batzuekin batera festan zeuden bi gizonezko eztabaidatzen hasi ziren, izan ere, zenbait lekukok azaldu zutenez, gizonetako bat emakume gazte bat (aurretik maitasun harreman bat izan zuen berarekin) eragozten hasi zen. Hala, beste gizonezkoak emakumezkoaren alde egin zuenean, bion arteko borroka bat hasi zen eta batek labankada bat jaso zuen hankan.

Ustezko erasotzailea lagun bat gidatzen zuen auto batean sartu eta ihes egiten saiatu zen, baina Ertzaintzaren patruila batek autoa geldiarazi zuen eta bi bidaiariak identifikatu zituen. Ertzainek ziurtatu zuten bidaiarietako batek prakak odolez zikinduta zituela; hortaz, autotik irteteko agindu zieten. Ertzainetako bat susmagarria miatzera zihoanean, azken honek agentea jo eta ihes egin zuen. Halere, pixka bat geroago patruila batek atxilotu zuen. Erasoan erabilitako arma, labana bat, auto barruan aurkitu zuten.

Atxilotuari -21 urteko gizonezko bat- giza hilketa saioaren delitu bat egotzi zioten eta polizia egoitza batera eraman zuten dagozkion eginbideak burutzeko. Datozen orduetan, epailearen esku jarriko dute.

Bestalde, biktima (Donostiako Epaitegi baten atxiloketa agindu bat bete gabe zuen) ospitale batera eraman zuten, izter-arterian zauri larria baitzuen. Hala, ebakuntza egin behar izan zioten eta hobera egiten ari da.

DONOSTIA

Beste erasoa Donostiako autobus geltoki batean jazo zen larunbat arratsaldean, Ekialdeko Europako herrialde batera zihoan autobus bat irtetera zihoanean. Bidaiari batzuen senideak ekipajeak autobuseko maletategian sartzen ari zirela, bi gizonezko eztabaidan eta borrokan hasi ziren, eta bertan zeuden pertsonek banandu behar izan zituzten.

Gizonezkoetako batek alde agin zuen eta, denbora gutxira, gertuko zuhaitz batetik hartutako hesola batekin bueltatu zen eta beste gizonezkoari buruan eraso zion. Ondorioz, biktima konorterik gabe geratu eta lurrera erori zen. Jarraian, erasotzaileak alde egin zuen, biktima zaurituta eta lurrean botata utzita.

Zenbait lekukok Ertzaintza ohartarazi ostean, agenteek ikerketa abiatu zuten erasotzailea identifikatzeko eta atxilotzeko. Biktimak zauri larriak jasan zituen buruan eta anbulantzia medikalizatu batek Donostiako ospitale batera eraman zuen. Ertzaintzaren ikerketen ondorioz, ustezko erasotzailea identifikatu ahal izan zuten eta gaur goizaldean atxilotu dute giza hilketaren delitu bat egotzita.

Atxilotua -22 urteko gizonezko bat- polizia egoitza batera eraman dute dagozkion eginbideak burutzeko eta datozen orduotan epailearen esku jarriko dute.