EUSKADI.-Bi gizon atxolotu dituzte Erandioko (Bizkaia) enpresa batetik 20.000 euroko balio duten sei tona berniz lapurtzeagatik

Actualizado: miércoles, 17 junio 2009 19:03

BILBO, 17 Jun. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzak 31 eta 32 urteko gizonezko bi atzeman zituen atzo goizean Erandion (Bizkaia), ustez udalerriko enpresa batean indarra erabiliz lapurtzeagatik. Bi atxilotuek 20.000 euroko balioa duten mota ezberdinetako sei tona berniz eta bertako langileek erabili ohi dituzten hainbat objektu eta material lapurtu omen zituzten enpresatik, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Ertzaintzak salaketa baten bidez jakin zuen joan den apirilean Erandioko enpresa batek lapurreta bat jasan zuela. Era ezberdinetako materialak ostu omen zituzten, besteak beste, 20.000 euroko balioa hartzen duten mota anitzeko sei tona berniz. Lizpaperrak, diskoak, bandak, maskarak, arrabolak eta masillak ere eraman zituzten; guztira 5.000 euroko balioa dute.

Ustezko lapurrek sarrerako atean kalteak eragin zituzten. Salaketaren arabera, lapurtutako bernizak ezaugarri bereziak zituen, enpresan bertan egiten zuten eta ondorioz, lapurtutakoa merkaturatzea deigarria izango litzateke.

Salatzaileak emandako datuei eta Ertzaintzak abiatutako ikerketari esker, ustezko bi lapurrak identifikatu eta aurkitu dituzte azkenean. Atzo atxilotu zituzten 31 eta 32 urteko bi susmagarriak indarra erabiliz egindako lapurreta delitu bat leporatuta.