EUSKADI.-Bi gizon eta emakume bat atxilotu dituzte Beasainen (Gipuzkoa) borroka batean nahasita egoteagatik

Actualizado: miércoles, 24 febrero 2010 14:48

DONOSTIA, 24 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 18 eta 22 urteko bi gizonezko eta 30 urteko emakumezko bat atxilotu zituzten atzo arratsaldean Beasainen (Gipuzkoa) lesio-delitu bat egotzita. Atxilotuek borroka batean hartu zuten parte, eta borrokaren ondorioz bi pertsona zauritu ziren, tartean, atxilotuetako bat, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Atzo arratsaldeko 14:00ak jotzeko minutu gutxi falta zirela, pertsona batzuk Beasaingo Katea industrialdearen inguruetan kokatutako eremu batean borrokan ari zirela jakinarazi zioten Ertzaintzari. Bertaratutako agenteek eztabaida bizian ari ziren hiru gizonezko eta emakumezko bat ikusi zituzten. Gizonetako bik odola zerien lesioak zituzten buruan; horietako batek aizkora bat zeukan eskuan.

Gazteak banandu zituztenean, eta hainbat egiaztapen egin ostean, ertzainek emakumezkoa eta borrokan nahasita zeuden gizonetako bi atxilotu zituzten. Atxilotuetako bat eta borrokan zauritu zen beste gizona osasun-zentro batera eraman behar izan zituzten, lesioak artatzeko.

Ertzainek aizkora eta burdinazko barra bat aurkitu zituzten tokian, seguruenik borrokan erabilitakoak. Gaur atxilotuak epailearen esku geratuko dira.