EUSKADI.-Bi mutil atxilotu dituzte Navaridasen (Araba) fatxadatik igota etxe batean sartzen saiatzeagatik

Actualizado: viernes, 22 mayo 2009 15:58

GASTEIZ, 22 May. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 19 urteko bi gazte atxilotu zituzten atzo gauean Navaridasen (Araba), lapurreta delitu bat egotzita. Susmagarriak etxe baten balkoiraino igo ziren, baina bertan bizi den pertsonetako batek harrapatu zituen. Maiatzaren 15ean etxe horren jabearen autoan ostu zuten.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez, atzo gauean, 22:00ak aldera, Navaridaseko herritar batek Ertzaintza bere etxera bertaratzeko eskatu zuen, bertan osten saiatu zen pertsona bat atxikita baitzuen.

Udalerrira heltzerakoan, agenteak etxearen jabearekin harremanetan jarri ziren. Deitzaileak azaldu zuenez, bi gazte bere etxean sartzen saiatu ziren, hilaren 15ean bere autotik ostu zuten garajeko urrutiko aginte batez baliatuta; lapurreta hartan beste hainbat gauza ere ostu zizkioten autotik.

Urrutiko agintearen bidez sartzea lortu ez zutenez, fatxadatik balkoiraino igo ziren lapurrak, non familiako kide batek harrapatu zituen. Hori dela eta, susmagarriek alde egin behar izan zuten, baina aurretik, terrazan zeuden arropa batzuk hartzea lortu zuten. Pixka bat geroago, gertakarian nahasitako gazteetako bat gertuko etxe batean atzeman zuen salatzaileak.

Adierazpen horien aurrean, agenteek susmagarria atxilotu zuten eta urrutiko aginte bat eta zenbait txartel atzeman zizkioten, maiatzaren 15ean lapurtutakoak, alegia. 23:00ak jota zirenean, gertakarietan nahasitako beste pertsona aurkitu eta atxilotu zuten udalerriko Kale Nagusian. Atxilotuak epailearen esku jarri dituzte gaur goizean.