EUSKADI.-Bi pertsona atxilotu dituzte Irunen eta Hernanin (Gipuzkoa) indarkeriaz eta larderiaz egindako lapurretengatik

Actualizado: miércoles, 1 abril 2009 14:31

DONOSTIA, 1 Abr. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzako agenteek bi pertsona atxilotu zituzten atzo Hernani eta Irun herri gipuzkoarretan indarkeria eta larderia erabiliz egindako lapurretak leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Atzo, 18:00ak aldera, kalez kaleko saltzaile bat Irungo Iparralde Etorbideko taberna batean zegoela, hiru pertsona hurbildu zitzaizkion, eta zenbait erloju erosiko zizkiotela esanez, kalera ateratzeko eskatu zioten. Ustezko erosleek gune ezkutu batera eraman zuten eta bertan, batek labana bat atera zuen. Segidan, gainean zeramatzan hiru kaxak (erlojuz beteak) eta argazki kamera bat kendu zizkioten saltzaileari.

Gainera, hitzik esan gabe, hiru susmagarriak ostikoka eta gorputz osoan ukabilkadak ematen hasi zitzaizkion lurrera erori zen arte. Ostean, hiru lapurrek auto batean ihes egin zuten eta biktimak gertatutakoa salatu zuen Irungo Ertzainetxean.

Ondoren, 22:00ak pasatxo zirenean, biktimak Ertzaintzari hots egin zion ustezko lapurretako bat Behobia auzoko hotel batean sartzen ikusi berri zuela jakinarazteko. Bertaratu ziren agenteek biktimarekin eta susmagarriarekin hitz egin zuten eta azken honek hotelaren aurrean aparkatutako autoa miatu ostean, bertan aurkitu zituzten biktimari ostutako erloju kaxa bi, hutsik. Era berean, lapurretan erabilitako labana aurkitu zuten ertzainek eta beraz, susmagarria atxilotu egin zuten.

Bestalde, atzo arratsaldean ere, 18 urteko gizonezko bat atzeman zuten Hernanin herriko plazan zegoen pertsona bati diru-zorroa ostu ziolako. Susmagarria biktimarengana diru eske hurbildu zen eta honek ezetz esan zionean, labana batekin mehatxatu zuen. Biktimak, beldurrez, diru-zorroa erakutsi zion dirurik ez zuela egiazta zezan. Ustezko lapurrak diru-zorroa kendu zion eta supermerkatu baterantz ihes egin zuen. Biktimak Ertzaintzari deitu zion eta agenteek lapurreta izan zen inguruetan aurkitu zuen susmagarria.