EUSKADI.-Bi pertsona atxilotu dituzte Lezon eta Errenterian (Gipuzkoa) ibilgailuekin zerikusia duten delituak egotzita

Actualizado: jueves, 25 febrero 2010 14:05

DONOSTIA, 25 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 17 urteko adingabe bat atxilotu zuten atzo Lezon (Gipuzkoa) lapurtutako ziklomotor batean zihoala. Bestalde, Ertzaintzak 42 urteko gizon bat ere atxilotu zuen atzo Errenterian (Gipuzkoa), aparkatutako furgoneta batean lapurtzen harrapatu ostean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Atzo arratsaldeko 13:00ak jotzeko minutu gutxi falta zirela, patruila batek Lezoko Altamira auzotik ziklomotor batean zihoan gazte bat geldiarazi zuen. Agenteek ibilgailuaren agiriak eskatu zizkioten, baina gidariak adierazi zien dokumentaziorik ez zeramala eta motorra lapurtu egin zuela. Halaber, atzemandakoak jakinarazi zuen ibilgailua Irunen ostu zuela eta Donostiara zihoala, saltzeko.

Ertzainek hura atxilotu zuten eta bihurkin bat atzeman zioten, sarraila indarrez zabaltzeko erabili zuena. Gaztea beste lau aldiz atxilotu dute aurretik, azkenekoa hilaren 18an, Donostiako Amara auzoko saltoki batean lapurtzen saiatzen harrapatu zutenean. Beharrezko eginbideak amaituta, zikomotorra jabeari itzuli zioten.

Ordu batzuk lehenago, goizaldeko 5:30ak aldera, herritar batek Ertzaintza ohartarazi zuen, gizon bat Errenteriako Xenpelar kalean aparkatutako furgoneta bat manipulatzen ari zelako. Patruila batek gizonezko bat aurkitu zuen ibilgailu barruan eta, ateetako bat indarrez zabalduta zegoela baieztatu ostean, hura atxilotu zuten.