EUSKADI.-Bidaiarien sarrerak %5 eta gaualdiak %8 gehitu ziren Euskal Autonomia Erkidegoan joan den apirilean

Actualizado: jueves, 21 mayo 2009 13:09

BILBO, 21 May. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hotel establezimenduek 167.590 bidaiari-sarrera erregistratu zituzte joan den apirilean, aurreko urteko hil berean baino 8.500 sarrera gehiago, hau da, %5eko gehikuntza, Eustatek eskainitako datuen arabera. Bidaiarien sarrerak %7 igo ziren Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %4 jaitsi Araban, 2008ko hilabete beraren aldean. Datuok aztertzeko orduan kontuan eduki behar da Aste Santua 2008an martxoan izan zela eta aurten apirilean, Eustatek jakinarazi duenez.

Estatu espainiarretik etorritako bidaiarien sarreretan %12ko igoera izan zen 2008ko apirilaren aldean, eta atzerritik etorritakoen sarreretan %9ko jaitsiera. Estatutik helduriko bidaiarien kopurua igo egin zen Gipuzkoan eta Bizkaian (%16 eta %15, hurrenez hurren) eta atzera egin zuen Araban (%-4). Atzerritarrak, aldiz, hiruretan gutxitu ziren: Gipuzkoan %-12, Bizkaian %-8 eta Araban %-2.

Joan den apirilean erregistraturiko gaualdiak 309.181 izan ziren, hau da, iazko apirilean baino %8 gehiago, 23.500 gaualdi gehiago, alegia. Gaualdiek urte arteko bilakaera positiboa izan zuten hiru lurraldeetan: Araban %3, Bizkaian %6 eta Gipuzkoan %13.

Batez besteko egonaldian %3ko igoera izan zen, eta EAE osotara hartuta, bidaiarien batez besteko egonaldia 2008ko apirileko 1,79 egunetik urte honetako apirileko 1,84 egunera pasa da. Araban %7 gehikuntza izan da, Bizkaian %1eko jaitsiera eta Gipuzkoan %6ko igoera.

Plazakako betetze-maila iazko apirileko %41,38tik aurtengo apirileko %41,62ra pasa zen. Igoera Gipuzkoari bakarrik zor zaio, non lehengo urteko %42,25etik aurtengo apirileko %45,22ra pasa zen; Araban %11ko jaitsiera dago eta plazakako betetze-maila batez bestekoaren azpitik dago (%32,10); Bizkaian betetze-maila aurtengo apirilean (%41,88) zertxobait txikiagoa izan zen lehengo urtekoan (%42,39) baino.

Bestalde, urteko lehen lau hilabeteetan 529.826 sarrera izan dira EAEko hotel establezimenduetan, hau da, 2008ko aldi berean baino %9 gutxiago. Gaualdiak 957.537 izan dira, lehengo urtean baino %10 gutxiago. Batez besteko egonaldian jaitsiera txikia dago lauhilekoan, lehengo urteko 1,83 egunetik 1,81era. Betetze-maila 2008ko lehen lauhilekoko %39,67tik 2009ko %33,56ra jaitsi da (%-15).

LANDA-TURISMOA

EAEko landa-turismoko establezimenduetan 11.089 bidaiari-sarrera zenbatu ziren joan den apirilean, aurreko urteko hil berean baino %36 gehiago: %30 ugaritu ziren Araban, %36 Gipuzkoan eta %40 Bizkaian. Estatutik etorritako bisitariak %38 ugaritu ziren EAEn: Araban %39 hazi dira, %43 Bizkaian eta %35 Gipuzkoan. Halaber, %10 atzerritar gehiago izan da: Gipuzkoan %41, Bizkaian %13 eta Araban %-45.

EAEko landa-turismoko establezimenduetan egindako gaualdiak 29.172 izan ziren joan den apirilean, lehengo urteko hil berean baino %64 gehiago. Urte arteko tasak positiboak izan dira Gipuzkoan (%74), Bizkaian (%60) eta Araban (%47).

Bidaiariko batez besteko egonaldia igo egin zen 2008ko apirilaren aldean: duela urtebete 2,17 egunekoa izan zen, eta urte honetan, 2,63koa. Plazakako betetze-maila %18,06tik %26,08ra hazi zen, hiru lurraldeetan izandako igoeren ondorioz: Araban %24,27, Bizkaian %22,96 eta Gipuzkoan %29,09.

Bestalde, 2009. urteko lehen lau hilabeteetan 30.083 sarrera izan dira EAEko landa-turismoko establezimenduetan, %5eko hazkundea izanik 2008ko aldi beraren aldean. Urtarrila eta apirila artean gaualdiak 74.738 izan dira, hots, %3ko igoera aurreko urteko aldi beraren aldean.

ASTE SANTUA

Aste Santuko astelehenetik Pazko Asteko ostirala bitarteko aldian (apirilaren 6tik 17ra), bidaiari-sarrerak %11 eta gaualdiak %10 igo ziren aurreko urteko oporraldi beraren aldean (2008ko martxoaren 17tik 28ra), EAEko hotel-establezimenduetan.

Aste Santuko batez besteko egonaldia aurreko urteko 1,89 eguneko egonalditik 2009ko 1,88ra pasa zen, eta plazakako betetze-maila 2008ko %43,05etik 2009ko %43,38ra igo zen.

Landa-turismoko establezimenduetan, aldi horretan, bidaiari-sarrerak %29 hazi ziren, baina gaualdiak, aldiz, %3 jaitsi. Batez besteko egonaldia 2008ko 3,86 egunetik 2009ko 2,92ra jaitsi zen.

Aste Santuko puntako egunetan, hau da, ostegun, ostiral eta larunbatean, hotel-establezimenduetan %69,87koa izan zen betetze-maila eta landa-turismoetan %81,18koa.