EUSKADI.-Bidaiarien sarrerak %4 jaitsi ziren ekainean Euskal Autonomia Erkidegoan, eta igarotako gauak %2

Actualizado: miércoles, 22 julio 2009 12:30

BILBO, 22 Jul. (EUROPA PRESS) -

Guztira 173.675 bidaiarik hartu zuten ostatu joan den ekainean Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hoteletan, hau da, aurreko urteko hilabete berean baino ia 8.000 gutxiagok eta, horrenbestez, %4 gutxiagok, Eustaten datuen arabera. Aurreko urteko hilabete beraren aldean, Arabara heldutako bidaiarien kopurua %13 gutxitu zen eta Bizkaira heldutakoena %5; Gipuzkoan, aldiz, aurreko urteko ekaineko datuen antzekoak eman dira.

Estatuko bidaiarien kopuruak %1eko aldaketa negatiboa izan zuen eta atzerritik etorritakoenak %11 egin zuen atzera 2009ko ekainean, aurreko urtekoaren aldean. Araban (%-9) eta Gipuzkoan (%-2) gutxitu zen Estatutik etorritako bidaiarien kopurua, baina Bizkaian hazi (%2). Atzerritik etorritako bidaiarien kopurua %4 gehitu zen Gipuzkoan, baina gutxitu Araban (%-24) eta Bizkaian (%-19).

Estatuko bidaiarien artean gehitu egin zen Andaluzia, Gaztela-Mantxa, Gaztela eta Leon, Nafarroa eta Galiziatik etorritakoen kopurua, batez ere, eta murriztu egin zen Katalunia, Madril eta Kantabriatik etorritakoena. Atzerritarren kasuan, bidaiari gehiago etorri zen Iberoamerikatik, Holandatik, Belgikatik eta Erresuma Batutik batez ere, baina Alemania, Frantzia eta Portugaldik bidaiari gutxiago etorri zen.

Bestalde, joan den ekainean 322.983 gau igaro zituzten bidaiariek, hau da, aurreko urteko ekainaren aldean gaua igaro zutenen kopurua %2 gutxitu zen, guztira 5.600 gau gutxiago igaro baitzituzten. Urte batetik bestera, igarotako gau kopuruaren bilakaera negatiboa izan zen Araban (%-7) eta Bizkaian (%-3); aitzitik, Gipuzkoan bilakaera gehitu egin zen (%2).

Batez besteko egonaldia EAEko hiru lurraldeetan gehitu zen. Horrela, aurreko urteko ekainean batez bestekoa 1,81 egunekoa izan zen, eta aurtengo ekainean 1,86 egunekoa izan da EAE osoan. Araban eta Bizkaian %7 eta %3 gehitu ziren, hurrenez hurren, eta batez besteko egonaldia 1,78 egunekoa izan zen. Gipuzkoan, aldiz, %1eko gehikuntza eman zen, eta guztira 1,97 egunekoa izan zen egonaldia.

Plazen okupazio mailak %9ko beherapena izan zuen, aurreko urteko ekainean %47,06koa izan bazen, aurtengo ekainean %43,05ekoa izan baita. Gelen okupazio maila %7 jaitsi zen. Okupazio maila biek EAEko hiru lurraldeetan izan zuten eragin negatiboa, nahiz eta modu ezberdinean eman eragin hori lurralde bakoitzean.

LANDA-TURISMOA

Bestalde, joan den ekainean 9.761 bidaiari izan ziren EAEko landa-turismoko establezimenduetan, hots, aurreko urteko hilabete berean baino %1 gutxiago. Bidaiarien kopurua %7 gehitu zen Araban, baina %4 gutxitu Bizkaian eta %2 Gipuzkoan.

Estatuko bisitarien kopurua %3 gutxitu zen EAEn. Lurraldeka, %5 igo zen Araban, baina Bizkaian (%-1) eta Gipuzkoan (%-8) murriztu. EAE osoan egondako atzerritarren kopurua %23 gehitu zen.

Ekainean 22.989 gau igaro zituzten bidaiariek EAEko landa-turismoetan, hau da, aurreko urteko hilabete berean baino %6 gutxiago. Urtetik urterako hazkunde-tasak positiboak izan ziren Araban (%4) eta Bizkaian (%1); Gipuzkoan, ordea, %13 murriztu zen tasa hori.

Bidaiarien batez besteko egonaldia laburtu egin zen EAE osoan 2008ko ekaineko batez bestekoaren aldean. Horrela, aurreko urtean 2,48 egunekoa izan bazen batez besteko egonaldia, aurtengo ekainean 2,36 egunekoa izan da.

Azkenik, plazen eta gelen okupazio tasak %14 murriztu ziren EAEn, hiru lurraldeetan eragin negatiboa izan zelako. Hala ere, beherapen handienak Gipuzkoan eman ziren.