EUSKADI.-Bidasoa eta Urumea ibaietako urak gestionatzeko "Bidur" lankidetza proiektua martxan da

Actualizado: martes, 30 junio 2009 15:50

BILBO, 30 Jun. (EUROPA PRESS) -

"Bidur" lankidetza proiektua aurkeztu dute gaur Nafarroako Bertizko Jaurerriko parke naturalean. Proiektuaren helburua da Bidasoa eta Urumea ibaiak osorik gestionatzeko lanetan sartuta dauden erakundeen arteko lankidetza bultzatzea, elkarrekin ibai horietako ur masak babestu eta ur horiek beti egoera onean egon daitezela ahalbidetzeko estrategiak ezar ditzaten.

Gipuzkoako Foru Aldundiak -IKT Nekazabal Teknologia enpresaren bitartez- Nafarroako Gobernuak -Gestion Ambiental, Viveros y Repoblaciones de Navarra, S.A. enpresaren bitartez- eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak lankidetzarako erakundea eratu dute. Lankidetza hori, hiru urtez luzatuko dena, 2,30 milioi euroko aurrekontuarekin garatuko da.

Horrela, erantzuna eman zaio Europako Parlamentuak Uraren Zuzentarau Markoaren (UZM) bidez ezarritako premietako bati, hain zuzen ere, eskualde mailan uraren politikaren alorreko irizpideak bateratu eta indarrak koordinatzeko premiari.

Ura da Pirinioen aldeko ingurumenaren garapenerako eta balioztapenerako elementu garrantzitsuenetako bat, eta, horregatik, alde horretako ur baliabideen gestioa lehentasuna izatera pasatu da. Plangintza hidrologiko on bat edukitzea da ura modu iraunkorrean gestionatu, bere kalitatea babestu eta bere erabilera arrazionalizatzeko funtsezko tresna bat, aldi berean ingurumenari eta ondare naturalari mesede eginda, egitasmoaren arduradunek nabarmendu dutenez.

Gaur aurkeztu den "Bidur" proiektuaren bitartez "beste urrats bat gehiago aurrera egin nahi da Bidasoa ibaiaren mugaz bestaldeko arroko eta Urumea ibaiaren eskualdeaz bestaldeko arroko ibai uren tratamenduaren gestioan", Pirinioen alde bietan uraren gestio integralean sartutako erakunde publikoek batera eta modu koordinatuan ezarriko dituzten estrategiei esker.

"Bidur" proiektuaren helburu nagusia da ezaugarri hidrologiko eta ekologiko antzekoak dituzten bi arroren hainbat alderdi metodologia berarekin aztertzea gero kontserbazioa eta iraunkortasuna bultzatzeko estrategiak ezartzeko. Lur gainean zein lur azpian erabilgarri zenbat ur dagoen aztertuko da, bai eta ibai bietako uraren erabilera eta eskariak eta gaur egun dauden presa txikien funtzionaltasuna ere.

Oztopoen inbentario bat ere egingo da, eta batu egingo dira izokinen populazioen garapenari buruz dauden datu historikoak, arrainen gestioa hobetzeko. Horretaz aparte, aztertu egingo da Bidasoan eta Urumean zeuden presa txikiak suntsitu ostean arrain hauetarako habitataren kalitatea nola aldatu den.

Lan hauen eta aurreikusita dauden beste batzuen bitartez, uraren eta ur emarien erregimenaren gestio iraunkorrerako eredu bat lortu nahi da, ibaien ekosistema beti onartzeko moduko egoeran egon dadin. Gainera, emaitzak kapitalizatu egingo dira beste arro, eskualde, programa eta proiektu batzuetara transferitu ahal izateko.