BILBO 20 Nov. (EUROPA PRESS) -
Bidezko Merkataritzaren Astearen seigarren edizioa hasiko da datorren astelehenean Bilbon. Bertako Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Sailaren ekimena da, hirian bidezko merkataritzan lan egiten duten GKEk babestuta eta BBKren gizarte-ekintzak lagunduta.
Aurreko edizioetan bezala, aste honetako protagonista Areatzan kokatuko den informazio-karpa handia izango da. Karpa horretan herritarrei bidezko merkataritza zer den eta merkataritza-lotura horretako jakiak edo eskulangintza non eskuratu daitezkeen azalduko zaie.
Bilboko Bidezko Merkataritzaren Astearen seigarren edizioaren izaera informatiboaz gain, bilbotarrek hiriko toki desberdinetan antolatutako jolas-jarduera askotan parte hartu eta bidezko merkataritzako produktuak dastatu ahal izango dituzte.
Jolasak, antzerkia eta musika izango dira aurtengo ekitaldiko beste osagai batzuk. Horien bidez, antolakuntzak zuzeneko tratuan, bidezko ordainketan eta elkarrekiko errespetuan oinarritutako merkataritza-loturak ezartzeko beharrizana helarazi nahi die herritarrei.
Auzoetan antolatutako jardueren barruan, aipatzekoak dira Santutxun eta Errekalden "Bidezko Merkataritza zure auzoan" proiektuaren inguruan egingo diren kaleko sei ekintza, bi zineforum -bata Begoñan eta bestea Errekalden-, eta bidezko merkataritzako sukaldaritza eta kakao-tailerrak, Basurtuko BBKren klubean.