EUSKADI.-Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Uraren Jai berri bat ospatuko du igandean Arrigorriaga (Bizkaia)

Actualizado: jueves, 7 mayo 2009 20:12

BILBO, 7 May. (EUROPA PRESS) -

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak antolatutako Uraren Jaiaren 17. edizioa ospatuko da igande honetan Beteluriko edateko uren tratamendutegian, Arrigorriagan (Bizkaia). Festaren helburua da herritarrak eta, bereziki txikienak, ura arrazoiz erabili beharraz eta kutsadura saihestu beharraz sentsibilizatzea, uretako ekosistemen iraupenerako berme gisa, antolatzaileek adierazi dutenez.

Jolas eta hezkuntza jarduerak tratamendutegiaren ondoko zelaietan egingo dira, 10:30etatik 14:30etara bitartean, eta milaka pertsona gerturatuko direla espero da, batez ere Bizkaia osoko eskola-umeak. Egun osoan zehar, bisita gidatuak egingo dira taldeka, begirale adituekin, edateko uraren tratamendutegiaren funtzionamendua ezagutzeko. Izan ere, tratamendutegi hori Ur Partzuergoak kudeatzen duen garrantzitsuena da.

Uraren Jaia familia eta jai giroko eguna da, eta errespetua zein ingurumen arloko sentsibilizazioa sustatzea ditu helburu. Era berean, lortutakoaz hausnarketa egiteko une egokia eskaintzen du, izan ere, "lorpenak oso argiak dira, etxeetara heltzen den uraren kalitateari eta Itsasadarraren, erreken eta hondartzen hobekuntzari erreparatuz gero. Eta hori, aurrera eraman diren saneamendu programei esker", azaldu dute.

Hain zuzen ere, igandean Betelurira doazenek Bilboko Itsasadarraren itxura aldaketa ikusteko aukera izango dute, erakusketa baten bitartez.

Egun osoan zehar, tailerrak, ludoteka, umeentzako jolas eremua, antzerkia, dantzak, umeentzako berbena eta kale animazioa ere antolatuko dira. Nobedade legez, aurten, musika izango duen egurrezko jolasen eremu handi bat eta Nigerreko haurrei elkartasuna erakusteko tailer bat nabarmentzen dira. Gainera, fruta eta ura izango dira indarberritzeko, eta, tailerretan parte hartzen dutenen artean, sariak zozketatuko dira.

Lehenengoz ospatu zenetik, Uraren Jaiak 90.000 parte-hartzaile baino gehiago izan ditu guztira, eta 15.000 pertsona inguruk bisitatu dute Beteluriko instalazioen barrualdea.