EUSKADI.-Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren "Bilboko Itsasadar Handia" arrantza eskola igandean itzuliko da Bilboko Erripa Kaira

Actualizado: jueves, 26 febrero 2009 13:16

BILBO, 26 Feb. (EUROPA PRESS) -

Aurreko urteetako parte-hartzean izandako arrakastaren ondoren, eta Bilboko itsasadarreko biologiak eta landareek bizi duten susperraldiaz gozatzen jarraitzeko, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, Bizkaiko Arrantza Federazioarekin batera, "Bilboko Itsasadar Handia" arrantza eskolaren ikasturte berria jarriko du martxan igandean. Modalitate honetan, arrainak harrapatu eta askatu egiten dira, ahalik eta arinen eta kontu handienaz uretara itzuliz.

Antolatzaileek prentsa ohar bidez gaur jakinarazi dutenez, jarduera 16 urtera bitarteko gazteei dago zuzenduta, eta, ohikoa denez, Erripa Kaian egingo da, Areatzako zubiaren ondoan, 11:30etatik 13:30etara, maiatzaren amaierara arteko igande guztietan.

Eskolako parte-hartzaile guztiei aseguru bat egingo zaie eta beharrezko baliabide teknikoak utziko zaizkie: arrantzako ekipo osoak (kanaberak, txirrikak, berunak, amuak), neurtzeko eta pisatzeko tresnak (metroak, baskulak, kuboak, balizatzeko zintak), ikasteko materiala (dianak eta doitasun eta jaurtiketa materialak), ordezko piezak eta abar.

2008. urtean, 2.000 ikasle aritu ziren kirol arrantzan, "harrapatu eta askatu" modalitatean. "Eskolan gero eta harrapaketa gehiago izaten dira, eta horrek itsasadarraren osasun ona eta itsasadarreko uren kalitatea berreskuratzen ari garela erakusten du", nabarmendu dute Bilbao Bizkaia Ur Partzuergotik.