EUSKADI.-Bilbok 615.545 turista jaso zituen 2009an, aurreko urtean baino %2 gehiago

Actualizado: miércoles, 3 marzo 2010 14:26

BILBO, 3 Mar. (EUROPA PRESS) -

Guztira 615.545 turistek bisitatu zuten Bilbo 2009. urtean, eta guztien artean, 1.125.047 gau igaro zituzten hirian, Bilboko Udaleko Turismo eta Jaien Sailak aurkeztutako 2009ko Erradiografia Turistikoaren arabera. Azterlanaren arduradunen arabera, 2008aren aldean izandako igoera arinek, hots, %2 bisitarien kopuruan eta %1 gaualdietan, "aparteko balioa" dute krisi garaian. Horrez gain, Bilbo sektore ekonomiko honetako "eragile nagusia" da oraindik Euskadin, EAE bisitatu zuten bidaiarien %31 erakarri baitzituen.

Hotelen gelako okupazioa berdin mantendu zen kopuru absolutuetan, eta Bilboko hotel-eskaintzaren gorakadaren eraginez portzentajeetan jaitsiera txikia izan zuen arren, okupazioa %60 ingurukoa ere izan zen joan den urtean.

Bestalde, Bilbok ondo posizionatuta jarraitzen du nazioartean kruzeroen alorrean, 2009an 30 kruzero bertaratu baitziren, eta aurreikuspenen arabera, kopuru hori errepikatu egingo da aurten. 2010erako berrikuntza bezala, Bilbo kruzeroentzako portu bilakatuko da, Iberocruceros konpainiak Ipar Europarako itsas-bidaia batzuen abialeku izatearen alde egin duen apustuari esker. Gainera, maiatzean abiaraziko terminal berriak zerbitzu hobea eskainiko die Bilbotik abiatu edo bertan eskala egiten duten bidaiariei.

Bisitarien jatorriari dagokionez, iaz ere Madril eta Katalunia izan ziren, bisitarien %24 eta %16,5eko portzentajeekin, Bilbo norako turistikotzat gehien aukeratu zutenak. Ondoren izan ziren Andaluzia, Gaztela eta Leon eta Valentzia. Nazioarteko bidaiariak Frantziatik (%17,3), Erresuma Batutik (%10,17) eta Alemaniatik (%9,85) etorritakoak izan ziren nagusiki, baita AEBetatik eta Kanadatik (%8,15) ere, merkatu honek areagotu egin baitzuen Bilbon zeukan presentzia.

Bilboko hoteletan, honako hilabete hauetan etorri ziren bisitari gehienak: abuztuan 65.122, uztailean 62.639 eta maiatzean 58.024. Kopuru hauek guztiak 2008koak baino handiagoak dira. Hala ere, aurreko urtearen aldean izandako hazkunderik handiena apirilekoa eta abendukoa izan ziren, Aste Santuarekin eta Gabonekin bat eginez.

Abuztua izan zen bidaiari-kopuruan igoera izan zuen 2009ko hirugarren hilabetea, bereziki Aste Nagusiaren erakarpen-indarraren eraginez. Bilbo eta Bizkaiko herritarrak biltzen dituen jai-giroko aste hori garrantzi handiko gertaera bilakatu da nazioarteko eta Estatuko bisitariak erakartzeko.

KONTSULTAK

Bestalde, bisitariei arreta egiteko Bilbao Turismoko lau bulegoetan 637.657 pertsonaren 1.405.731 kontsultari erantzun zieten 2009. urtean, hau da, batez beste 3.850 kontsulta egun bakoitzeko.

Bilbon nazioarteko biltzarrak sustatzeaz arduratzen den Bilbao Convention Bureau erakundeak bertako 98 erakunde eta enpresa biltzen ditu. Iaz, harrera egin zien 402 bilerari eta 61.950 ordezkariri, eta hiria hautagaitzat aurkeztu zuen 76 aldiz biltzar, hitzaldi eta topaketen egoitza izan zedin. Une honetan, Bilbo hautagaitzat aurkezteko ahaleginean dihardu 2016ko Munduko Saskibaloi Txapelketa eta 2018 Munduko Futbol Txapelketari begira.

Bilboko Udalak, Bilbao Turismoren bitartez, turistak erakartzeko "ahalegin sendoa" egin zuen iaz, nazioarteko 33 azokatan eta bederatzi sustapen-jardunalditan parte hartuz eta 983 kontaktu profesional gauzatuz. Hiriarekiko jakinminaren igoera ageri-agerian geratu zen Estatuko eta nazioarteko prentsak egindako 127 informazio-eskaeretan eta Bilbao Turismoren ekimenez hiria ezagutu zuten 42 kazetari-talde espainiar eta atzerritarren bitartez.

Nazioarteko prentsan Bilbo norako turistikotzat ezagutarazteko egin ziren agerraldien guztizko balio ekonomikoa 5.373.920 eurokoa izan zen. Kopuru honek 100ez biderkatzen du jarduera honetan inbertitutakoa.