EUSKADI.-Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoa ariko da bihar Getxoko (Bizkaia) Udaberriko Kontzertuetan

Actualizado: miércoles, 11 marzo 2009 15:28

BILBO, 11 Mar. (EUROPA PRESS) -

Herri-musika izango da bihar erabateko protagonista Getxoko Udaberriko Kontzertuetan, Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoaren eskutik. Talde bilbotarra Algortako El Redentor elizan izango da 20:00etatik aurrera eta herri-konposizioak interpretatuko ditu. Besteak beste, Strauss, Verdi, Sorozabal eta Guridiren piezak entzungo dira doako sarrera duen saioan.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 1963. urtean sortu zuen akordeoien orkestra bilbotarra Josu Loroño maisuak eta, gaur egun, 20 musikari baino gehiagok osatzen dute. Errepertorio zabala eta egiten dituen moldaketen originaltasuna eta kalitatea dira taldearen ezaugarri nagusiak. Hamaika kontzertu eman ditu taldeak bere jardueran eta Frantzian, Polonian, Alemanian, Portugalen eta Kolonbian aritu da, besteak beste. Herri horietan guztietan arrakasta handia lortu du publikoaren eta kritikarien artean.

Egun, Amagoia Loroño da orkestrako zuzendaria, lehenengo bakarlari bezala 20 urtez aritu ondoren. Halaber, Loroño Musikaltegia Akordeoi Eskolako zuzendaria da, eta bertan, orkestrako zenbait musikarirekin elkarlanean, lan pedagogikoa egiten du, orkestraren errepertorio-moldatzaile lanekin bateratuta.

Guztira, bederatzi disko kaleratu ditu taldeak, horien artean, "De Norte a Sur" eta "Y... de Este a Oeste"; azken hori RTVE Musica zigiluarekin aurkeztu eta ekoiztu du.

Bestalde, ostiralean, musika klasikoaren zaleek Victoria Ganbera Ensemble errusiarraz gozatu ahal izango dute ikusleek El Redentor elizan, 20:00etan. Taldea 2002an eratu zen, ahal den kide-kopuru txikienarekin ahalik eta doinu-sorta zabalena bereganatzeko asmotan. Barrokoko maisulanek, erromantizismokoek, XX. mendearen hasierako musika herrikoiak eta XXI. mendeko konpositoreen sorkuntza modernoek osatzen dute taldearen errepertorioa.