EUSKADI.-Bilboko Arriaga Antzokiak bihar hasiko du 2010eko denboraldi lirikoa "El barberillo de Lavapiés" zarzuelarekin

Actualizado: martes, 26 enero 2010 15:00

BILBO, 26 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Arriaga Antzokiak bihar hasiko du 2010eko denboraldi lirikoa "El barberillo de Lavapiés" izenburuko zarzuelarekin. Antzoki bilbotarraren beraren produkzioa da eta bihartik igandera bitartrean egongo da taula gainean, Arriagako arduradunek gaur jakinarazi dutenez.

"El barberillo de Lavapiés" Arriaga Antzokiak egindako sormena da, Valladolideko Calderon Antzokiaren koprodukzioarekin. Francisco Asenjo Barbieriren musika du eta Luis Mariano de Larraren libretoa. 1874an sortutako hiru ekitaldiko zarzuelak profesional-talde garrantzitsua biltzen du, eta orain obra liriko hori eguneratuko dute zarzuela gogoko duten bilbotar askorentzat.

Musika-zuzendaritzako lanak Jorge Rubiok egingo ditu eta eszena-zuzendaritzakoak Gustavo Tambasciok. Anna Tobella, Borja Quiza, Itziar de Unda, Jon Plazaola, Jose Manuel Diaz, Javier Ibarz eta Juanjo Oterok osatzen dute aktore-zerrenda. Eszenografiaz Daniel Bianco arduratu da, hots, Arriaga Antzokiko zuzendariorde artistikoa, jantziak Gabriela Salaverrirenak dira eta koreografia Yolanda Granadorena da. Horiekin batera, Bilbao Philarmonia orkestra eta Bilboko Korala izango dira talde artistikoan.

"El barberillo de Lavapiés" Madrilgo Zarzuela Antzokian estreinatu zen 1874ko abenduaren 19an. Oraingoan, opera hori Arriaga Antzokian antzeztuko dute Gustavo Tambascio zuzendari eszenikoaren ikuspegi berezi eta modernoenarekin. Tambasciok, argumentua 1960ko hamarkadara eraman eta ekintza bi planotan agertuko du. Danielen eszenografiak eta Gabriela Salaverriren jantziek ederki asko agertuko dute hori. Produkzio berri honekin, Vespa 1960ko hamarkadako ikono grafiko eta ikuskizun horren irudi bihurtuko da.

Luis Mariano de Larra idazle ezagunak 1770. urteko Madrilen kokatu zuen "El barberillo de Lavapiés", hau da, Carlos III.aren erregealdian, Esquilache, Grimaldi edo Floridablanca bezalako politikariak azpikerian zebiltzan garaian. Paloma (Anna Tobella) eta Lamparilla (Borja Quiza) zarzuela honetako bi pertsonaia dira, hain zuzen ere, Bierzoko Marquesitaren (Itziar de Unda) eta Don Luis de Haroren (Jon Plazaola) arteko azpikeria eta maitakeria aztoratuetan nahastuta ikusten den bikotea.