EUSKADI.-Bilboko Arriaga Antzokiak "Opera eta Zarzuela Ilbetea" ospatuko du bihar

Actualizado: viernes, 15 enero 2010 14:37

BILBO, 15 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Arriaga Antzokiak "Opera eta Zarzuela Ilbetea" eskainiko du bihar, arratsaldeko 20:00etan hasita. Kultura aldetik, ilargi betearen gaua ospatzen jarraitzen du antzoki bilbotarra ekimen horrekin. Guztira, adin guztietako 17 pertsonek parte hartuko dute biharko saioan, eta lehenengo aldiz igoko dira antzokiko eszenatokira opera eta zarzuelako piezak jendaurrean abestera, Georgina Barrios pianistaren laguntzarekin.

Ekimena Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoa den Emilio Sagik bultzatzen du, eta helburua da "Arriagako ateak eta leihoak irekitzea" pertsona-mota guztientzat, antzoki bilbotarreko arduradunek jakinarazi dutenez.

Emilio Sagik eta Gurutze Beitiak aurkeztuko dute "Opera eta Zarzuela Ilbetea", eta genero lirikoko klasiko handiak entzuteko aukera egongo da. Sorpresak ere izango dira, bihar parte hartuko duten pertsonek aukera bakarra izango dutelako Arriaga Antzokia bezalako lehen mailako eszenatokian publikoaren aurrean abesteko dohainak erakusteko.

Parte-hartzaileak ez dira profesionalak, baizik eta adin eta izaera guztietako pertsonak, genero lirikoarekiko grina dutenak. Modu horretan, soilik baldintza bakarra eskatu zaie, ondo abestea hain zuzen ere. Urrian ireki zen abeslariak hautatzeko prozesua ahots ona zuen edonorentzat, eta hautaketa Emilio Sagik zuzendu du. Horrela, 17 pertsona horiek abesteko probak gainditu dituzte.

Halaber, eszenatokira hautatutako abeslariak ez ezik, lirikako profesional handiak ere igoko dira taulara. Artista profesionalak nortzuk diren ez da aurrez jakinaraziko, sorpresa izango baita. Zarzuela zaleak eta profesionalak txandaka arituko dira Arriaga Antzokiko eszenatokian, eta inork ez du jasoko ordainsari ekonomikorik parte hartzeagatik.

Arratsaldeko 20:00etan hasiko den gau-ekitaldi liriko horretarako sarrerak dagoeneko salgai daude prezio bakarrean, hau da, bost euroren truke.