EUSKADI.-Bilboko Artelan Berreginen Museoak bertan 47 urtez marrazketa eta pintura irakaslea den Manuel Balsa "El Ruso" omendu du

Actualizado: martes, 17 marzo 2009 14:25

BILBO, 17 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Artelan Berreginen Museoak Manuel Balsa "El Ruso" omentzeko ekitaldi publikoa egin du gaur, museoan duela 47 urtetik marrazketa eta pintura ikastaroak ematen aritu ondoren eta, adituen arabera, Euskadiko irakasle ospetsuenetarikoa delako diziplina honetan.

Ekitaldian, lagun talde eta ikasle ohiak, Iñaki Azkuna Bilboko alkatea eta Jon Iñaki Zarraga Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saileko zuzendaria izan dira. Omenaldian, ohorezko plaka bat eman zaio Balsari eta museoko egoitza administratiboan jarriko da, Mirasol Konde kalean, ikastaroak ematen dituen tokian alegia.

Gainera, gaurko ekitaldiarekin bestelako ospakizunei ere eman zaie hasiera, hala nola oraindik ikusgai jarri gabeko bere obra batzuen erakusketaren inaugurazioa, apirilaren 19ra arte ikusgai egongo dena Mariaren Bihotza Elizako Museoan.

Bere lanaren aintzatespeneko ekitaldien artean, ekainaren 21ean ospatuko den Manuel Balsa "El Ruso" Aire Libreko I. Akuarela Lehiaketarako deialdia ere egin du museoak; parte hartzeko ekainaren 1etik 15era bitartean eman beharko da izena museoan bertan. Lanak Bilbo Zaharra auzoan izan behar dute inspirazioa eta marrazketa 8:30etatik 10:00ak bitartean egin beharko da San Frantzisko 14an. Euskarria ezin izango da izan 54 zentimetro baino txikiagoa ezta 116 baino handiagoa ere.