EUSKADI.-Bilboko Artelan Berreginen Museoak "TKM. Eskaiolazko bihotzak" bisita gidatua eskainiko du igandean

Actualizado: jueves, 11 febrero 2010 12:36

BILBO, 11 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoen Artelan Berreginen Museoak "TKM. Eskaiolazko bihotzak" izeneko bisita gidatu berezia antolatu du iganderako, San Balendin eguna bere bisitariekin batera ospatzeko, eguerdiko 12:00etan.

Bisitan, "Noren Esku?, Giza Eskubideak Historian" aldi baterako erakusketa osatzen duten eskulturetan agertzen diren pertsonaia historikoetako batzuk protagonista izan dituzten amodio eta desamodio istorioak kontatzen dira. Horrez gain, museoak bihotz formako piruleta bat oparituko die bisitari guztiei, bere arduradunek gaur jakinarazi dutenez.

Horretarako diseinatutako ibilbidearen bitartez, Artelan Berreginen Museora hurbiltzen diren guztiek hainbat istorio ezagutzeko aukera izango dute: Egiptoko mitologian Isisen eta Osirisen artean kontatzen dena edo Harmodio eta Aristogiton greziarrak protagonista izan zituena eta ondoren horrek Alejandro Magno hiltzeko saiakera batean izan zuen eragina. Aurkeztuko den beste maitasun istorioetako batzuk Octavio Augusto enperadorearen eta bere emazte Liviaren artekoa eta Hatshepsut Egiptoko erreginaren eta bere kantziler zen Senenmuten artekoa dira.

2009ko irailaren 11tik, museoak "Noren esku? Giza Eskubideak historian" aldi baterako erakusketa jasotzen du. Helburua garai historiko desberdinetan egon diren eskubideen kontzeptu desberdinak ulertzea eta gaur egungo Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalarekin alderatzea da.

Eusko Jaurlaritzak, UNESCOk eta UNESCO Etxeak babestutako erakusketa martxora arte egongo da irekita. Ardatza, museoaren bilduman dauden unibertsoaren historiako zenbait garai eta kulturatako bederatzi pieza izango dira, Mariaren Bihotzaren elizan inoiz erakutsi gabeak. Horien aurretik, Giza eskubideen Deklarazio Unibertsala aldarrikatu zenetik giza eskubideen inguruan gertatutako unerik gatazkatsuenen ikuspegia ematen duten kazetaritzako zenbait irudiz osatutako argazki panela egongo da ikusgai.