EUSKADI.-Bilboko etxebizitzatan 30 lapurreta baino gehiago egin dituen banda bateko sei kide atxilotu dituzte

Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 18 marzo 2010 14:20

BILBO 18 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 19 eta 27 urte arteko sei pertsona atxilotu dituzte, azken hilabeteotan Bilboko etxebizitza askotan lapurretak egin izana egotzita. Lapurretak gauez egiten zituzten, etxeetan bizi ziren pertsonak barruan zeudela, lotan. Etxe batean egindako miaketan, lapurtutako objektu gehienak berreskuratu ditu Ertzaintzak, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Bilboko etxebizitzatan 30 lapurreta baino gehiago egin izana egotzi dio Ertzaintzak desegindako bandari. Hain zuzen, San Adrian, Santutxu eta Irala auzoetako eta auzo horietatik gertu dauden kaleetako hainbat etxetan lapurtu zuten.

Lapurretak 2009ko abuztuan hasi ziren, eta azkena azken asteotan jazo da. Lapurreta guztiak gauean edo goizaldean egin zituzten, etxeetan bizi ziren pertsonak barruan zeudela, lotan. Salaketetan jasotzen den bezala, lapurrek beste jardunbide bat errepikatzen zuten kasu guztietan: giltzari buelta eman gabe itxita zeuden ateak zabaltzen zituzten, sarrera-kisketa plastiko malgu edo antzeko tresna batez indarrez zabalduta.

Barruan zirela, lapurrak ilunpetan ibiltzen ziren linternaz baliatuta, eta dirua eta objektuak lapurtzen zituzten, besteak beste, sakeleko telefonoak, ordenagailu eramangarriak, bitxiak, erlojuak, argazki-kamerak, aparatu elektronikoak eta abar.

Lapurrek binaka edo taldeka osten zuten eta, horietako bat, eraikinerako kanpoko sarbideak zaintzeaz arduratzen zen. Bestalde, etxeetan bizi ziren pertsonek harrapatzen bazituzten, oso azkar ihes egiten zuten. Kasu batzuetan, lapurrek etxeko giltzak baino ez zituzten eramaten; horrela, etxea "aukeratuta" geratzen zen, ondorengo egunotan bertan lapurreta egiteko.

Martxoaren 1ean, Ertzaintzaren agenteek ustezko bi lapur atxilotu zituzten Bilbon, eta epailearen esku geratu ziren. Ertzaintzak ikertzen eta zaintza-dispositiboak egiten jarraitu zuen eta joan den astelehenean hiru pertsona atxilotu eta beste hainbat identifikatu zituzten Bilboko etxe batean; asteartean, seigarren atxiloketa egin zuten. Aipatu etxebizitzan, lapurtutako hainbat objektu berreskuratu zituzten ertzainek eta euren jabeei itzuli zizkieten.

Ertzaintzak laguntza eskatu du lapurtutako objektuak identifikatzeko. Lapurreta eta salaketa horiekin lotutako ikerketak zabalik jarraitzen du. Hala, Ertzaintzak lapurreta horiekin lotutako objektuak ditu Deustuko ertzainetxean: sakeleko telefonoak, argazki-kamerak, emakumezkoen poltsak eta abar, baita etxe batzuetako giltzak ere. Aipatu denez, batzuetan bandak etxeko giltzak baino ez zituen lapurtzen; kasu horietan, jabea ez zen lapurretaz konturatzen eta, beraz, ez zuen salaketarik aurkezten.

Ertzaintzak lapurreta hauen kaltetuei eta balizko biktimei jakinarazi die euren objektuak identifikatzera joan daitezkeela Deustura, Bilboko ertzainetxera.

Contenido patrocinado