EUSKADI.-Bilboko izotz-pistak 14.650 erabiltzaile izan ditu, aurreko urtean baino %44,6 gehiago

Actualizado: viernes, 15 enero 2010 14:03

BILBO, 15 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bilbao Kirolak erakundeak Euskalduna Zubiaren azpian jarritako izotz-pistak partaidetzaren errekorra gainditu du, 14.650 erabiltzaile izan baititu, aurreko urtean baino %44,6 gehiago. Izotz-pista abenduaren 12an inauguratu zen eta urtarrilaren 10era arte egon da zabalik.

Gabonetako kanpainari begira, Bilbao Kirolak erakundeak indartu egin zuen aisialdiaren eta kirolaren aldeko apustua, eta aurreko urteetakoa baino izotz-pista handiagoa jarri zuen. Guztira, 800 metro koadro zituen, aurreko edizioetan baino 200 gehiago. Era berean, aurretiazko sarrera-salmentarako zerbitzua ere jarri zuen abian, erabiltzaileek zain egon behar zuten denbora murrizteko, eta, hirugarren urtez jarraian, udal sozietateak jaitsi egin zituen prezioak.

"Izotzpista oso arrakastatsua izan da berriro ere. Dagoeneko erreferentea da Bilboko Gabonetan, ez soilik neska-mutikoentzat, baizik eta gero eta heldu gehiagorentzat; izan ere, aurten, handitu egin da azken horien partaidetza-ratioa. Kirola familian edo lagunekin egitea eta aisialdi dibertigarri, osasungarri eta desberdina sustatzea da, azken batean, instalazio honen helburua", adierazi du Enplegu, Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzi eta Bilbao Kirolak erakundeko presidente Jon Sustatxak.

14 urtetik beherako neska-mutikoak izan dira berriro Bilbao Kirolak erakundearen ekimen honen hirugarren edizioaren protagonistak, guztirakoaren %36 izan baitira. Horien ondoren, helduen eta Bilbao Kirolak erakundearen abonatuen sarrerak izan dira gehien saldu direnak, bakoitzak salmenten %26 lortu baitu.

Jende gehien asteburuetan izan da, eta partaidetzarik handiena izan duen eguna, berriz, urtarrilaren 2a (larunbata). Zale gehien izan duen astea jardueraren laugarren astea izan da, urtarrilaren 2tik 8ra bitartean, kopuru guztiaren %33,37rekin. Jende gehien hartu duen ordutegia 17:00etatik 19:00etara bitartekoa izan da.

Aurten, izotz-pista erabili duten ikastetxeen arteko adiskidantzazko neurketak egin dira, trebetasun proben bitartez. Guztira, 14 ikastetxetako 651 ikaslek hartu dute parte. Eskola-talde irabazlea Saint George ikastetxea izan zen, eta patinaje saio bat dohainik eskuratu zuen pistaren azken jarduera-egunean.